Espainiar hauteskundeen emaitzak negatibotzat jo dituzten EAEko hiritarrak apirileko %7tik azaroko %77ra igaro dira

Azaroaren 10eko hautetsontziak.
EUROPA PRESS
Actualizado: viernes, 15 noviembre 2019 10:36

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiritarren %77rentzat emaitza negatiboak eman dituzte azaroaren 10eko Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeek, eta %18rentzat soilik izan dira positiboak. Portzentaje horiek "erabateko aldaketa" dakarte emaitzen balorazioan, apirileko hauteskundeen ondoren %81ek esan baitzuen emaitzak positiboak zirela eta %7k bakarrik negatiboak zirela.

Eusko Jaurlaritzak landu duen hauteskunde orokorren ondoko inkestan biltutako datuak dira. Ikerketaren gai nagusia izan da azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan EAEko biztanleek izandako portaera. Landa lana hauteskundeen ondoko egunetan egin zen, azaroaren 11n eta 12an.

Horrela, herritarren %61ek esan du interes handia edo nahikoa izan duela azaroaren 10eko hauteskundeekiko; jaitsiera nabarmena da hori apirileko bozekin alderatuta, orduan %79k esan baitzuen gauza bera. Inkestatuen %66k hauteskunde kanpaina jarraitu du telebistaz gutxienez astean bi edo hiru aldiz, %49k egunkarietan eta %42k irratiz; %47k Internet edo sare sozialen bidez jarraitu du, gutxienez noizean behin.

Hauteskundeak hizketa gai izan dira askotan edo noizean behin familiarekin %67rentzat, lagunekin %59rentzat eta lankide edo ikaskideekin %39rentzat. Herritarren %71k hautagairen baten elkarrizketa edo debaterik ikusi du kanpainan zehar, %46k alderdiren baten hauteskunde propaganda edo programa irakurri du eta %5 bakarrik joan da bilera edo mitinen batera.

"Oro har, esan daiteke hauteskunde kanpainarekiko interesa eta jarraipena apirileko hauteskundeekikoa baino apur bat txikiagoa izan dela, eta 2015 eta 2016ko Hauteskunde Orokorretako ohiko neurrietan mantendu dela", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.

Bestalde, EAEko herritarren %57k adierazi du hauteskundeen aurreko inkestaren baten berri izan zuela, eta %78k hauteskundeetan izandako portaeran ez zutela eraginik izan inkesta horien emaitzek. Herritarren %46k esan du botoa erabakitzeko orduan batez ere Euskadirekin lotutako gaiek eragin diela, %32k Espainiako gaiek eragin diela gehien eta %16k biek; %39k esan du hauteskundeak errepikatu izanak asko edo dezente eragin diela bere jokabidea erabakitzean.

Gainera, boto emaileen %80k erabakita zuen hauteskunde kanpaina hasi aurretik botoa ematera joango zela, %10ek kanpainan zehar erabaki zuen, %2k hausnarketa egunean eta %7k hauteskundeen egunean bertan. Botoa ez emateko erabakia kanpaina hasi aurretik hartua zuen %61ek, %14k kanpainan zehar erabaki zuen, eta %18k hauteskunde egunean bertan.

Herritarrek botoarekiko agertutako konbentzimendu maila jaitsi egin da apirileko hauteskundeekin alderatuta. Horrela, boto emaileen %59k konbentzimenduz eman zuen botoa (apirilean %71k), %11k zalantzekin (apirilean bezala) eta %29k aukera txarren artean onena zelako (apirilean %17k).

Botoa ematera joan zirenen %96 konforme dago emandako botoarekin. Botorik eman ez zutenen artean, emaitzak ikusita, %19k bakarrik esan du nahiago lukeela botoa ematera joan izan balitz. Botorik ez emateko arrazoi nagusia politikariekiko desengainu sentimendua izan da botorik eman ez zutenen %44rentzat eta beren borondateaz besteko arrazoiak %19rentzat.

EMAITZAK

Bestalde, EAEko hiritarren gehiengo zabalak negatibotzat jo ditu Espainiako emaitzak eta positibotzat Euskadikoak. Horrela, herritarren %90ek daki PSOE izan dela Espainian boto gehien lortu dituena, %77k esan du Espainiako emaitzak negatiboak izan direla, eta %18k positiboak. Portzentaje horiek erabateko aldaketa da Espainiako emaitzen balorazioan, apirileko hauteskundeen ondoren %81ek esan baitzuen emaitzak positiboak zirela eta %7k bakarrik negatiboak zirela.

Euskadin boto gehien lortu dituen alderdiari buruzko ezagutza apur bat txikiagoa da, %82k baitaki EAJ izan dela. Euskadiko emaitzen balorazio positibo oso zabala (%86) apirilekoaren antzekoa izan da (%89).

Azkenik, EAEko hiritarren %84k uste du 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJk lortuko dituela boto gehien. Hauteskunde horietan boto gehien lortzea nahi luketen alderdiari buruz galdetuta, %41ek EAJ aipatu du, %11k EHBildu, %6k Elkarrekin Podemos eta beste %6k PSE-EE.