24 de octubre de 2019
  • Miércoles, 23 de Octubre
  • 19 de Uztaila de 2019

    Etxepare Euskal Institutuak 3,04 milioi euroko aurrekontua du 2019rako

    Etxepare Euskal Institutuak 3,04 milioi euroko aurrekontua du 2019rako
    IREKIA

    GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

    Etxepare Euskal Institutuak 3,04 milioi euroko aurrekontua dauka 2019. urterako, Irene Larraza erakundeko zuzendariak patronatuaren bileran ostiral honetan jakitera eman duenez.

    Izan ere, Etxepare Institutuko patronatuak bilera egin du ostiral honetan, Lehendakaritzan, Gasteizen, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria mahaiburu zela. Institutuaren kudeaketarekin loturiko hainbat gairen berri ematearekin batera, 2018an gauzatutako jarduerak azaldu eta 2019ko ekintza nagusien berri eman du Larrazak.

    Horrela, Urekulluren agurraren ostean, eta aurreko bilerako akta ezagutzera eman eta gero, 2018ko kontuak, kudeaketa txostena eta memoria aurkeztu dizkie Larrazak patronatuko kideei. Horrekin batera, 2019. urteko aurrekontua 3,04 milioi eurokoa dela jakinarazi die.

    Halaber, urteko ildo nagusiak aurkeztu ditu. Alde batetik, koordinazio eremuak identifikatu eta lan dinamika eraginkorragoak jarri ditu martxan institutuak, bertako erakunde publiko eta kultur eragileekin koordinazio eta lankidetza hobetzeko. Bestetik, hazkunde kualitatiboari eutsi dio Etxeparek, jada sortuak dauden sareak sendotuz eta beste erakunde batzuekin lankidetza sustatuz.

    Horrekin batera, diru laguntza deialdietan hainbat aldaketa txertatu ditu kultur sektorearen beharrei hobeto erantzuteko. Horrela, besteak beste, aurreko urtean gauzatutako prozeduren digitalizazio prozesua sendotu egin da eta diru laguntza berri bat sortu da nazioarteko liburu azoketan liburuaren sektoreko profesionalen parte hartzea bultzatzeko.

    Bestalde, Larrazak nabarmendu du Etxepare Instititua "hainbat ekintza esanguratsu" bultzatzen ari dela euskal kulturari nazioartean ikusgaitasun handiagoa emateko.

    EUSKARA

    Euskararen irakaskuntzaren alorrari dagokionez, aurreko urtean Etxepare Institutuak bere gain hartutako Euskara Munduan programak lehen fruituak eman ditu 2018-2019 ikasturtean zehar. Euskal Etxeetan euskararen irakaskuntza sustatzea helburu duen egitasmoa HABEk kudeatzen zuen lehengo urtera arte, eta mundu osoko 75etik gora Euskal Etxek hartzen duten parte bertan.

    Mundu akademikoan eta irakaskuntzaren alorrean Etxepare Institutuak duen jarduna irakurletza eta katedra sarearekin osatzen da. Euskara eta euskal kultura klaseak ematen dira 18 herrialdetako 35 unibertsitatetan, 30 irakurleren bitartez, eta zortzi euskal ikasketen katedra daude beste hainbeste unibertsitatetan. Horrez gain, 2019-2020 ikasturterako beste katedra bat jarriko da martxan, Etxeparek Argentinako CONICET erakundearekin duen elkarlanari esker.

    Era berean, nazioartean euskal kulturaren "irudi nabarmen bat" proiektatzeko eta euskal sortzaileak eta euren lanen ikusgaitasuna areagotzeko ekintza eta komunikazio estrategia berria garatzen ari da Etxepare; herrialde ezberdinetan urtero "euskal leiho bat" irekitzean du funtsa estrategiak.

    Horrela, 2018ko amaieran hasi zen Etxepare Institutua estrategia horretan lehen jomuga izango zen lurraldearekin lan egiten: Eskozia. 2019an zehar, Scotland Goes Basque proiektua garatzen ari da bertan, eta euskal kultura eta arteak leku berezia izaten ari dira urte guztian zehar Eskoziako kultur ekitaldirik garrantzitsuenetan.

    2020ra begira, estrategia hori Quebeceko lurraldearekin errepikatzeko asmoa du Etxepare Euskal Institutuak, eta dagoeneko hasi da horri begirako lehen pausuak ematen.

    Azkenik, eta kultur diplomaziaren alorrari dagokionez, Etxepare Institituak EUNIC Europako Kultura Institutu Nazionalen Sarean duen eragina eta mugaz gaindiko kultura lankidetza areagotu ditu.