24 de enero de 2020
  • Jueves, 23 de Enero
  • 4 de Abendua de 2019

    Europako Batzordeak Euskadi saritu du, banda zabala hedatzen egindako lanagatik

    Europako Batzordeak Euskadi saritu du, banda zabala hedatzen egindako lanagatik
    IREKIA

    BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

    Europako Batzordeak Broadband Awards 2019 saria eman dio Euskadiri, banda zabala hedatzen egindako lanagatik, eta Estibaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak jaso du Europak banda zabal ultralasterreko konektibitateaz hornitzeko proiektu publikoen bikaintasunari ematen dion saria. Euskal erakundeek sakabanatutako landa eremu eta industrialdeen gaineko inpaktu sozioekonomikoaren kategorian egindako lana nabarmendu du bereziki erakunde europarrak.

    Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Europako Batzordeak Gigabit Society izeneko ekimena zuzentzen du. Ekimenaren helburua da Europan banda zabal ultralasterreko sareen eskuragarritasuna sustatzea, 2025era begira.

    Azaldu dutenez, telekomunikazio operadoreek ez dute estaldurarik eskaintzen Europako eskualdeetako esparru geografiko osoan, inbertsioak errentagarritasunik handieneko eremuetan egin nahi izaten baitituzte. Hori dela eta, sakabanatuta dauden industrialde eta landa eremu batzuk eta biztanle gune txiki batzuk banda zabal ultralasterreko zerbitzuen estaldurarik gabe daude.

    "Kasu horretan, administrazioen jarduketek garrantzi berezia hartzen dute, industria osoak digitalizazioaren aldeko apustu irmoa egitea eta lurralde orekari eta hiri eremu batean zein landa eremu batean bizi diren biztanleen bizi kalitateari eustea lortu nahi bada bederen. Landa eremuetan kokatuta dauden enpresen lehiakortasunari eusteko eta deslokalizazioa saihesteko, banda zabal ultralasterreko sareen eskuragarritasuna industrialde handien baldintza beretan eta zerbitzu eta teknologia berdinekin (Big Data, Cloud Computing, Adimen Artifiziala eta abar) bermatu behar da", adierazi dute.

    Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak Banda Zabal Ultralasterraren Euskal Behatokia sortu zuen, hiru foru aldundiekin lankidetzan, (www.euskadibandazabala.eus). Bertan, Euskadiko banda zabaleko sareen egoera monitorizatzen da eta euskarria ematen zaie administrazio publikoei eta operadoreei sare horiek hedatzeko proiektuetan.

    Jarraipen horretan oinarrituta, eta operadoreek eremu horietan ez inbertitzeko aipatzen duten errentagarritasun ekonomikorik ezari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 20 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte azken urteetan operadoreei laguntzak emateko, sareak sakabanatuta dauden eremuetan, biztanle gune txikietan eta industrialdeetan heda ditzaten, ekimen pribatuak ez baititu sare horiek inguru horietan hedatuko. "Azken batean, inbertsio eta lankidetza publiko-pribatua behar izan da inguru horietako biztanleei eta enpresei banda zabal ultralasterreko sareen eskuragarritasuna bermatzeko", nabarmendu dute.

    SAREEN HEDAPENA

    Sare horiek hedatzeko, proiektu konplexuak egin, zuntz optikoko sareak lurralde osoan zehar zabaldu eta, beraz, errepideak, ibaiak, mendi eremuak eta abar zeharkatu beharko dira. Proiektu horiek ezinezkoak izango lirateke administrazioen, hau da, Jaurlaritzaren, aldundien, udalen eta haien mendeko erakundeen, eta laguntza programak jaso dituzten operadoreen lankidetza gabe.

    Horretarako, Euskadin banda zabal ultralasterreko sareak hedatzeko programen hainbat deialdi egin dira, 450 enpresa eremu edo industrialdetara eta landa eremuan sakabanatutako biztanlegune eta eremuetako 48.000 etxe baino gehiagotara iristeko asmoarekin.

    Europako Batzordeak, premia eta zailtasun horiez guztiez jabeturik, lurralde oreka bermatzeko eta banda zabal ultralasterrerako eskuragarritasuna orokortzeko ahaleginik handiena egiten ari diren eskualdeak saritu nahi izan ditu, eta, aurten, Euskadi saritu du Europan 'Best Practice' gisa identifikatuta dauden bost kategorietako batean. Zehazki, 'Socio-economic impact in rural and remote areas' saria jaso du.