Euskadik ia 20 milioi euro inbertituko ditu klima aldaketara egokitzeko, Urban Klima 2050 Life proiektuarekin

Urban Klima 2050 Life programa aurkeztu dute.
IREKIA
Actualizado: miércoles, 4 diciembre 2019 12:36

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak Urban Klima 2050 Life proiektu integratua aurkeztu du asteazken honetan, Bilbon. "Euskadiko klima ekintzaren alorrean datozen urteetan gauzatuko den proiektu nagusitzat" jotzen da, eta, horri esker, Euskadik 19,8 miloi euro inbertituko ditu zuzenean datozen sei urteetan klima aldaketara egokitzeko ekintzetan. Zenbateko horren %51 Europar Batasunak finantzatuko ditu.

Ihobe sozietate publikoak gidatuko du proiektua, eta Jaurlaritzako sail batzuek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Bermeo, Bakio, Gernika-Lumo eta Zarauzko udalek, bost zentro teknologikok eta Naturklima Fundazioak parte hartuko dute, besteak beste. Proiektuaren baita hainbat ekintza gauzatuko dira kostaldean, ibaietako arroetan eta hiri eremuetan.

Arriolaren hitzetan, "proiektu garrantzitsu hau gauzatuko duen enpresa partzuergoak 20 erakunde baino gehiago biltzen ditu. Horiek guztiek modu koordinatuan lan egingo dute ezarritako helburuak lortzeko. Enpresa horiek guztiek gaitasun eta esperientzia handia dituzte klima aldaketaren aurkako borrokan; horren froga da 2025era arte alor horretan gauzatuko dituzten jarduerek ia 20 milioi euroko inbertsio globala bilduko dutela".

Kopuru horri gehitu behar zaio ekimenean parte hartuko duten 20 erakundeek bideratuko duten dirua, alegia, beste 625 milioi euro klima aldaketa murrizteko eta egokitzeko ekintzetan.

Horrela, Urban Klima 2050 Life proiektuak "euskal lurraldea eraldatuko du", klima aldaketari egokitzeko 40 proiektu eta ekintza koordinatzearen bitartez, sei urteko iraupen aldian. Gainera, lagungarria izango da Klima 2050 Euskadiko Klima Aldaketaren Estrategia modu eraginkorrean garatzeko; estrategia horren helburu nagusia da berotegi efektuko gasen emisioak %40 murriztea 2030erako.

ERRONKA NAGUSIAK

Europar proiektuarekin espero da Euskadiri klima aldaketaren ondorioak arintzen lagunduko dioten zuzeneko neurriak proposatzea eta gauzatzea. Horri begira, sei dira planteatzen diren erronka nagusiak: zeharkako ekintzak eraikitzea, zenbait erresilientzia tresna hiri eta herrietan integratzeko; administrazioa klima aldaketaren aurkako borrokaren eredua izatea lortzea; intereseko sektoreetan aplikatu daitezkeen ekintza berritzaileak gauzatzea; ezagutza sortzea, erabakiak hartzen laguntzeko; parte hartze prozesuak sortzea, irtenbideak funtsezko eragileekin eta herritarrekin batera diseinatzeko; eta herritarren ahalduntzea lortzea, ingurumenaren aldeko konpromiso iraunkor bat eskuratzeko.

Ekintza zehatzen xede izango diren 40 proiektuak hiru eremutan daude zentratuta: kostaldea, ibaietako arroak eta hiri eremuak. Horrela, esperientzia pilotuekin lan egingo da zazpi udalerritan eta Urdaibaiko, Debaberreneko kostaldeko eta Arabar Errioxako hiri inguruko eremuetan. Gainera, Butroe, Oka, Ibaizabal, Deba, Urumea, Zadorra, Baia eta Ebro ibaietan proiektuak gauzatuko dira, haien arroetan edo haien bokaletan.

Aurreikusitako ekintzen artean, eremu andeatuak leheneratuko dira; bizikleta elektrikoen sare publikoak sortuko dira Araba eta Urdaibain; mahastien inausketaren hondakinak erabiliko dira Arabar Errioxan biomasa moduan erabiltzeko; naturan oinarritutako irtenbideak bilatuko dira hiru hiriburuetako hiri-eremuetarako; eraztun berde bat sortuko da Debabarrenean.

Halaber, sistema hidrotermal bat jarriko da Urdaibain; autokontsumoa sustatuko da Donostian; uholdeak eragozteko neurriak inplementatuko dira Bakio, Donostia eta Araban; eta Lagako hondartzaren leheneratze integrala bilatuko da. Gainera, zentro bat eratuko da Euskadiko klima aldaketarekin zerikusia duten datu guztiak eta informazioa koordinatzeko.