Euskal artista eta sortzaileek euren lanak eramango dituzte Eskoziara 20tik gora kultur ekitalditan

#Scotlandgoesbasque Egitasmoa Aurkeztu Dute
ETXEPARE INSTITUTUA
Actualizado: miércoles, 16 enero 2019 12:57

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Euskal artisten eta sortzaileen talentua ikusteko aukera izango da Eskozian urtean zehar antolatuko diren 20tik gora kultur ekitalditan, #ScotlandGoesBasque izeneko egitasmoaren baitan. Etxepare Euskal Institutuak antolatutako programak Eskozian eta nazioartean euskara eta euskal kultura ezagutaraztea eta ospea ematea du xede. Kulturaren, arteen eta hizkuntzaren bidez Eskoziarekin lotura estutzea bilatzen duen egitasmoak Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien laguntza jaso du.

   Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak aurkeztu du asteazken honetan, Donostian, Eskoziako hiri nagusienetan 2019an zehar burutuko den programa kultural eta artistikoa. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatua eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria ere izan dira ekitaldian, Kalakan, Huntza, Oreka Tx, Korrontzi eta Tosta Banda taldeetako kide batzuekin batera.

   Literatura, arte eszenikoak, musika eta zinea jorratuko ditu #ScotlandGoesBasque egitasmoak, besteak beste. Diziplina anitzeko programak euskal artista eta sortzaile garrantzitsuenetako batzuk aurkeztuko ditu Eskozian urtarriletik urrira. Sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, 20tik gora kultur jarduera, foro eta topaketaz osaturiko eskaintza bilduko du ekimenak. Proposamenaren bidez, euskal kulturaren aniztasuna eta aberastasuna ezagutzeko aukera izango du Eskoziako eta nazioarteko publikoak, bai eta akademiako eta kultur eta sormen industrietako profesionalek ere.

   Horrela, urtarriletik urrira, 100 bat artistek beren talentua eta sormena erakutsiko dute Eskoziako jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan, hala nola Celtic Connections (Glasgow), Edinburgh International Book Festival, Edinburgh International Film Festival eta Fringe-Dance Base-en (Edinburgo). Halaber, euskara eta euskal kulturarekin loturiko eduki akademikoa landuko da Edinburgo, Glasgow eta Skye-ko unibertsitateetan.

   Eskoziako kultur jaialdiek nazioarteko ospea dute, eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako programak jaialdiotan euskal edukiak txertatzea du xede, euskal kulturara leihoak irekitzeko eta euskara eta euskal kultura ezagutzera emateko, Eskozian eta nazioartean.

   Aurkezpenean azaldu dutenez, euskal artista eta sortzaileen hedapenerako "erakusleiho paregabea" ez ezik, Eskoziako jaialdiak "plataforma aparta dira gure kultur eta sormen industriak nazioarteko merkatuetan sartzeko, nazioarteko banatzaile eta programatzaile ugari bertaratzen baita". Horrek guztiak euskal kultur eta sormen industrien nazioarteko bihurtzeko jomuga estrategiko bilakatu du Eskozia.

HARREMANAK ESTUTU

   Bestalde, kulturaren, arteen eta hizkuntzaren bidez, eta sortzaileen arteko elkarrizketa baliatuz, Eskoziaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko bokazioa du egitasmoak. Etxepare Euskal Institutuak espero du programatutako kultur jarduerek euskal kultura hobeto ezagutu dadin laguntzea, alde batetik, eta elkarrizketa berriak sortzen, elkartrukeak areagotzen eta sinergiak eta lankidetzak eragiten laguntzea, bestetik.

   Zentzu horretan, dagoeneko elkarlanerako bideak ezarri dira Eskoziako eta Euskal Herriko hainbat kultur eragileren artean, besteak beste, Durangoko Azoka, Literaktum eta Gutun Zuria, literaturaren arloan, eta Atlantikaldia eta Dantzagunea, dantzaren esparruan.

LEHEN HITZORDUA

   Horrela, euskal sortzaileentzat lehenengo hitzordua ostegunean hasiko da, urtarrilaren 17an, otsailaren 3ra arte Glasgow-en egingo den Celtic Connections jaialdian. World Music delakoaren nazioarteko erreferentea den jaialdian lau euskal talde arituko dira: Kalakan, Huntza, Korrontzi eta Oreka Tx.

   Horiekin batera, Tosta Bandak ere kontzertu bat emango du. Igor Otxoak eta Mixel Ducauk zuzenduriko proiektuak eremu urriko hizkuntzak balioan jartzea du helburu, eta Irlanda, Eskozia, Gales, Kornualles, Frisia, Galizia eta Euskal Herriko musikariak daude kideen artean.

   Bestalde, jaialdiaren baitan Eskoziako kultur eragileekin topaketa profesional bat ere egingo da. Euskal Herriko musika industriako hamar bat profesional, elkarte sektorialetako ordezkariak eta musikaren alorrean lan egiten duten sektore publikoko hainbat profesionalek hartuko dute parte.

   Halaber, munduko musiken generoaren baitan koka daitezkeen euskal artisten katalogoa argitaratu da, eta festibalera bertaratuko diren profesionalek jasoko dute. Horrekin batera CD bilduma bat ere prestatu da, eta nazioartean herri musiketan erreferentea den "Songlines" aldizkariarekin banatuko da.

LEHENTASUNEZKO HERRIALDEA

   Eskozian egingo den kultur programa Etxepare Euskal Institutuaren 2017-2020 aldirako bide orriaren lehentasunen artean dago. Izan ere, institutuaren ildo estrategikoetako bat da herrialde zehatzetan nazioarteko eragin duten ikusgarritasun handiko ekintzak gauzatzea.

   Era berean, Jaurlaritzaren Euskadi-Basque Country 2020 Nazioartekotzeko Estrategiaren testuinguruan dago egitasmoa. Kultura da estrategia horren ardatzetako bat eta Euskadiren nazioartekotzerako estrategikoak diren herrialde eta eskualdeak identifikatzen ditu. Atzerrian Euskadiren interesen zati garrantzitsu bat biltzen duten lurraldeak dira, eta 2018-2020 aldian lehentasunezko arreta jasoko dute.

   Besteak beste, Euskadi-Basque Country 2020 estrategiak lehenesten ditu Euskadiren Nazioarteko Aliantza Estrategikoen Sareko kideak. Dela gertutasun geografiko eta lotura historiko eta sektore aniztasunagatik, edo dela nortasun errotua duten herrialde homologoak direlako, horien artean daude Akitania, Flandes, Gales, Eskozia, Bavaria eta Quebec. Hain zuzen, Etxepare Institutuak Quebecen jarriko du arreta 2020an.