'Euskara ibiltaria' erakusketa Gasteizera helduko da ostiralean

"Euskara Ibiltaria" Erakusketan Azalpenak Ematen
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 27 febrero 2020 16:43

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak, Gasteizko Udalak eta Oihaneder Euskararen Etxeak 'Euskara ibiltaria' erakusketa interaktiboa aurkeztu dute ostegun honetan, Laboral Kutxaren babesarekin. Erakusketa ostiralean irekiko dute, Oihanderren, eta apirilaren 26ra egongo da "ikusgai, ukigai, entzungai eta gozagarri". Euskaltzaindiaren webgunean ere noiznahi eta edonorentzat dago ikusgai.

Iñaki Gurtubai Gasteizko alkateorde eta Euskara zinegotziak erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du aurkezpen ekitaldian, "baita Euskaltzaindiarekin eta Oihanederrekin aspalditik dugun harreman estu eta emankorra". "Erakusketa hau gure hirian izatea zorte handia da. Eta horregatik, gasteiztar guztiak hona gonbidatu nahi ditugu, euskararen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzera", esan du.

Halaber, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi du erakusketak helburu argia duela, alegia, "dialektologia mailan euskararen Akademiak egiten duen lana guztion eskura jartzea eta bide horretatik herriaren ahotsetik jaso dugun/ditugun euskara eta euskarak herriari itzularaztea, euskararen aniztasuna ezagutu dezan".

Azkenik, Oihaneder Euskararen Etxeko ordezkari Iñaki Lazkanok azaldu duenez, "erakusketa honen berri izan ondoren, argi izan genuen Gasteizen leku egin behar geniola horrelako egitasmo bati. Oihanederren helburuetariko bat da euskararen eta gainontzeko hizkuntza gutxituen ezagutzan eta normalizazioan eragitea, beraz konbentzituta gaude erakusketa honek lagunduko digula bide hori urratzen".

'Euskara ibiltaria' erakusketa interaktiboaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Erakusketaren gaineko argibideak Adolfo Arejita euskaltzain eta Atlasaren egitasmoaren zuzendari akademikoak eman ditu.

"Zentzumenei garrantzi handia ematen zaie erakusketan, bisitariak, ikusi ez ezik, entzun, ukitu, dastatu eta usaindu egin bailezake. Jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere baliatzen dira herri hizkeren aberastasun hori erakusteko", azaldu du.

Atlasaren mamia gizarteratzeko erakusketa hau 2015ean antolatu zen estreinakoz, Beasainen. Hainbat hiritan izan da horrez geroztik, esate baterako, Portugaleten, Bilbon, Iruñean, Baionan edo Donostian.