Euskaraldia Europa eta Amerikako hainbat lekutara iritsiko da Etxepare Institutuaren bidez

Etxeparek mundura eramango du Euskaraldia
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: martes, 20 noviembre 2018 14:14

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskara eta Euskaraldiaren oihartzuna Europa eta Ameriketako hamaika txokotara iritsiko da datozen egunetan Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen bidez antolatutako kultur programa eta jarduerekin. Horrela, munduan zehar sare akademiko horren bidez euskara ikasten ari diren 1.500dik gora ikasleen artean ere zabalduko da ariketa kolektiboa, beti ere tokian tokiko egoerara egokituz, euskararen erabilera indartzeko eta ikasgeletatik haratago eramateko.

Etxepare Institutuak gogoratu duenez, ekimena atzerrian sustatzeko hainbat hamaikako bultzatu ditu azken hilabeteetan eta enbaxadore hauen lanaren emaitza ostiraletik aurrera ikusiko da, dozenaka ekintza antolatu baitituzte nork bere eremuan euskararen erabilera sustatu eta euskara ikasleak aktibatzeko.

Horrrela, Europari dagokionez, Berlin, Frankfurt eta Leipzig (Alemania), Brno (Txekiar Errepublika), Varsovia eta Poznan (Polonia), Paue (Frantzia), Edinburgo (Eskozia), Bologna eta Venezia (Italia) eta Bartzelonan izango dira ekitaldiak. Ameriketan ere izango du oihartzuna Euskaraldiak, Boise (AEB), La Plata (Argentina), Mexiko Hiria (Mexiko) eta Habanan (Kuba) ekitaldiak izango baitira. Euskara ikastaroak, hitzaldiak, topaketak, liburu irakurketak, filmen proiekzioak, kontzertuak, mintzodromoak, ginkanak eta kantaldiak izango dira, besteak beste.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskaldun Berriak Elkarteak "Euskaraldia: EHUko eta munduko euskaldun berriak 11 egunez euskaraz WhatsAppez" ekimena jarri dute abian. Munduko zenbait unibertsitatetako eta Euskal Herriko euskaldun berriek elkar ezagutu dezaten eta Euskaraldian zehar sare sozialen bidez modu errazean mintza bikoteetan eguneroko esaldi eta komunikazio laburrak euskaraz egin ditzaten du helburu ekimenak.

Amaitzeko, Etxepare Euskal Institutuko lankideek ere hartuko dute parte Euskaraldian, eta 11 egun horietan, eguneroko lanean, ahobizi izango dira. Hain zuzen, jendaurreko arretan, hornitzaileekin harremanetan, beste eragile batzuekin egiten diren proiektu bileretan eta eguneroko laneko esparru guztietan ahobizi rola hartuko dute.