Euskararen soziolinguistikaren ezagutza elkarrekin zabalduko dute Soziolinguistika Klusterrak eta Etxepare Institutuak

Imanol Larrea eta Irene Larraza
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: martes, 16 octubre 2018 13:22

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute astearte honetan, Donostian. Hitzarmenaren helburua da bi erakundeek elkarlanean gauzatu ditzaketen proiektuen oinarria ezartzea, batik bat, euskal soziolinguistika ezagutzaren nazioarteko zabalkundean eta nazioarteko soziolinguistika ezagutza Euskal Herriratzean.

Etxepare Euskal Institutuak bere egitekoen artean ditu euskarak nazioartean onespena lor dezan bultzatzea eta euskal kulturari buruzko ikerketa sustatzea, bereziki unibertsitate eta goi mailako ikerketarako erakundeetan. Helburu horrekin mundu osoko 34 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturarekin loturiko ikasketak gaur egun, eta euskal ikasketen zortzi katedra jarri ditu martxan.

Soziolinguistika Klusterrak, berriz, esparru akademikoa, profesionala eta sozialaren arteko harremanen bidez lan egiten du. Horregatik, bi erakundeen lankide eta partaideen sareak harremanean jartzeak "aukera interesgarriak" zabaltzen dituela adierazi dute sinatzaileek.

Irene Larrazak adierazi duenez, Etxepare Institutuak bere nazioarteko sare akademikoa jarriko du Soziolinguistika Klusterraren eskura, honek nazioarteko irismena izan dezan. Bere ustez, "Euskal Herrian euskararen soziolinguistikaren alorrean egiten diren ikerketa esanguratsuenak atzerrian eremu akademikoan ezagutzera emateak esan nahi du atzerriko ikerlari eta akademikoentzat euskal ikasketen ikerketarako baliabide gehiago eskura jartzea, eta horri esker euskararen errealitatea hobeto ikertu eta ulertuko da".

Halaber, adierazi du Euskal Herrian egiten den soziolinguistikarentzat "onuragarria" izango direla "Etxepare Euskal Institutuaren irakurleek atzerrian euskararen irakaskuntzan lortutako eskarmentua eta burututako ikerketak".

Bestalde, Imanol Larreak adierazi duenez, "funtsezkoa da euskal hiztun komunitatearentzat nazioarteko unibertsitate sareekin lotura estua izatea eta hizkuntzen inguruko ikerketa, berrikuntza eta garapenean dabiltzan eragileekin bi norabideko harremanak eraikitzea".

Etxepare Euskal Institutuaren eta Soziolinguistika Klusterraren asmoa da sinatu duten oinarrizko hitzarmenari "gauzapen zehatza" emango dioten proiektuak eta ekimenak martxan jartzea hurrengo hilabeteetan.