Eva Ferreirak EHUko errektore kargua hartu du

Eva Ferreira EHUko errektore kargua hartzeko ekitaldia.
EHU
Actualizado: lunes, 25 enero 2021 11:47

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

Eva Ferreira Ekonomia Aplikatuko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore karguaz jabetu da astelehen honetan, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren egoitzan egindako ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Nekane Balluerka ordezkatuko du errektore berriak.

Kargu hartze hitzaldian, Ferreirak adierazi du garai berria hasten dela, "helburu berriekin, baina eraikita dagoenaren gainean eraikia beti". Era berean, karguari "ilusioz eta harrotasunez" ekingo diola esan du, baita "umiltasunez" ere, karguak dakartzan zereginez jabetuta.

"Unibertsitate gisa bikaintasun akademikoa eta intelektuala bilatu behar dugu, baina, unibertsitate publikoa garenez gero, ikuspegi ireki, integratzaile eta solidarioa ere izan behar dugu: gaitasun intelektualek ez dute aukera ekonomikoez ulertzen. Gizartearen erronkak gure jardueraren erdigunean jarri behar ditugu", azaldu du.

Euskal unibertsitatearen nazioartekotze prozesuari helduz, errektore berriak azpimarratu egin du EHUk bere ospean izan duen "aurrerapen nabarmena", unibertsitate hain gaztea izanik. "Talde lanaren fruitu" dela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie erakundeei, "unibertsitateari emandako babesagatik", unibertsitateko ikasleei, administrazio eta zerbitzuetako langileei eta irakasle-ikertzaileei, "beren konpromisoagatik", eta Nekane Balluerka aurreko errektorearen taldeari, "egin duen lan apartagatik".

Adierazi duenez, EHUk autonomiaz lan egiten jarraituko du, baina baita erantzukizunez ere, eta bere laguntza eskaini die herri erakundeei. Helburua da unibertsitatea "bidaide" izatea, "egin dezakeguna eta egiten dakiguna eginez: pertsonak prestatzea, eta ezagutza sortu eta transferitzea, gizarte ireki baten balioekin, eta euskal gizartearekiko eta erakundeekiko ditugun konpromisoekin bat etorrita".

Bestalde, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duenez, "etorkizuneko erronkei egokitu eta eskari berriei erantzuna eskaini behar diegu", eta goi mailako hezkuntzaren ardatz nagusiak nabarmendu ditu: "Ekitatea eta bikaintasuna; formakuntza eta ikerketa; euskal gizartea eta nazioartekotzea; gizartean eragina eta enpresa".

"Horiek dira euskal unibertsitatearen proiektua indartzeko ardatzak. Ardatz hauek garatuz lortuko dugu hezkuntza ereduaren, euskal unibertsitatearen eta politika zientifikoaren benetako garapena, ekarpena eta iraunkortasuna", ziurtatu du.

Ferreirarekin eta Urkullurekin batera, ekitaldian izan dira Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Nekane Balluerka EHUko orain arteko errektorea, Jose María Guibert eta Vicente Atxa Deustuko eta Mondragon unibertsitateetako errektoreak, hurrenez hurren, Adolfo Morais Jaurlaritzako Unibertsitateetako sailburuordea eta lehengo eta oraingo errektore taldeetako kideak.

EVA FERREIRA

Eva Ferreira Barakaldon jaio zen, eta matematikaria, doktorea eta Ekonomian katedraduna da EHUn. Probabilitate eta Estatistikako masterra dauka New York Unibertsitateko Courant Institutuan lortua. Ibilbide luzea du irakaskuntzan eta ikerketan, nazioartean ezaguna, eta zabalkunde zientifikokoaren arloan ere jardun zabalduna da.

Gestioari dagokionez, EHUn Ekonomia Gaietako eta Akademia Antolaketako errektoreordea eta idazkari nagusia izan zen, eta 2015etik 2019ra, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendaria.

EHUn azaroaren 26an egindako hauteskundeetan aukeratu zuten errektore, emandako botoen %66,24 eskuratuta. Unibertsitateko kide guztiek aukeratzen dute EHUko errektorea, sufragio unibertsal haztatuaren bidez. Oraingoan, hautagaitza bakarra aurkeztu zenez, botoa aldekoa edo zuria baino ezin zen izan, eta emandako boto haztatuen herena lortu behar zuen.