Gabriel Aresti gogoratu dute Bilbon, bere jaiotzaren 85. urteurrenean

Actualizado: lunes, 15 octubre 2018 13:30

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Gabriel Aresti poeta bilbotarraren omenezko lore eskaintza egin dute astelehen honetan, Bilbon, igandean bere jaiotzaren 85. urteurrena bete baitzen. Bilboko Udal Txistulari Bandak girotutako ekitaldia Pio Baroja plazan egin da, idazlearen jaiotetxetik metro gutxira, eta bertan izan dira, besteak beste, Meli Esteban idazlearen alarguna. Ohorezko aurreskua egin diote eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak lore sorta eman dio. Udalbatzako ordezkariek ere ekitaldian parte hartu dute.

Aburtoren hitzetan, "Gabriel Aresti jaio zen Barroeta Aldamar kaleko etxebizitza horretatik, Francoren soldaduek gerra garaian egindako bondardaketen biktima eta gudariek hiria erori aurretik Artxanda mendian egindako azken ahaleginen lekuko izan ziren Gabriel eta bere etxekoak, milaka bilbotarrekin batera. Eta ondoren, isiltasuna, zirimiria, industria eta kutsadura tarteko zituen derrotaren isiltasuna, diktadurak hiltzera kondenatu zuen milaka urteko hizkuntzaren derrigorrezko isiltasuna".

Testuinguru horretan, Frankismoaren garaiko urterik ilunenetan Aresti "euskararen itxaropena" izan zela nabarmendu du, eta Arestirengana hurbiltzeko eta "haren ondare linguistiko eta literario zabala ezagutzeko" gonbidapena eginez, idazleak igandean 85 urte beteko zituzkeela gogoratu du. "85 urteko sormenezko heldutasuna, eta batek daki nolako fruitu berriak, nolako bitxi literario berriak ekarrizko zizkion euskararen historiari hain gazte hil izan ez balitz", adierazi du.

Udane Goikoetxea kazetari eta idazleak Arestiren "Nire aitaren etxea defendituko dut" eta "Beti esanen dut egia" poema ezagunak irakurri ditu, eta hala bukatu da goizeko ekitaldia. Halere, arratsaldean ere gogoratuko dute Aresti, Jon Kortazarrek poeta bilbotarraren hasierako literatura lanei buruzko hitzaldia eskainiko baitu 19:30etik aurrera, Bidebarrietako liburutegian. Gainera, Udane Goikoetxeak berak eta Petti kantautore nafarrak haren poema ezagunenetako batzuen irakurketa musikalizatua eskainiko dute.