Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak musikari euskaldun hasiberrientzako ekimena abiatu du

Egin Leku! deialdia
OIHANEDER EUSKARAREN ETXEA
Actualizado: jueves, 2 julio 2020 12:27

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak 'Egin Leku!' egitasmoa jarri du abian, musikari euskaldun hasiberriei zuzendutaa. Musikari berriek "plaza hartzea" eta beren lekua izan dezaten laguntza eskaintzea da deialdiaren helburua.

Ekimenaren sustatzaileek jaknarazi dutenez, musikari hasiberrientzako deialdia denez, formatu txikiko proposamenak izan beharko dira, hau da, bakarka edo gehienez beste bi musikarik lagunduta. Diskarik grabatu gabeko musikariei zuzenduta dago egitasmoa, eta kontzertu kopuruen erdia 35 urtetik beherako gazteek egindako proposamenentzat izango da.

Edozein estilotako musika onartuko da, baina kanten hitzak gutxienez %75 euskaraz izan beharko dira. Horrez gain, emanaldi osoko komunikazio hizkuntza euskara izango da, baita aldez aurreko produkzio harremanetakoa ere.

Proposamenak bidaltzeko epea asteazkenean ireki zen eta uztailaren 27ra bitarte egongo da zabalik. Horretarako, Oihaneder Euskararen Etxearen webgunean jarri den imprimakia bete beharko da eta bideoan (mp4) edo era digitalean (mp3) grabatutako hiru kanta bidali beharko dira formularioarekin batera.

Uztailaren 31n jakinaraziko dira aukeratutako proposamenak zeintzuk diren, musikaren inguruko artista ezberdinekin osatutako epaimahaiak erabaki ondoren. Abestien orijinaltasuna, kalitatea eta euskararen erabilera izango dira baloratzeko irizpideak. Behin aukeratutako proposamenak jakinda, urte osoko kontzertuen egutegia zehaztuko da: irailaren 13rako aurreikusi da lehen kontzertua, eta urte osoan zehar bi hilabeteko maiztasunarekin burutuko dira.

Oihanederrek kontzertuak egin ahal izateko zenbait baliabide ipiniko ditu musikarien eskura: alde batetik, kontzertua egiteko baliabide teknikoak (soinu ekipoa eta mikrofonia) eta espazioa Falerina tabernan, eta bestetik, emanaldiaren komunikazioa Oihanederren ohiko zabalkunde euskarrietan. Horrez gain, 150 euro ordainduko zaizkio 50-75 minutu arteko emanaldia prestatzeagatik.

Bestalde, deialdiak publikoaren parte hartzea sustatuko du, eta kontzertuetan bozkatzeko aukera emango zaio ikusleari, ikusitako kontzertua baloratuz eta gustuko abestia sare sozialetara igoz. Parte hartzen duten guztien artean 100 euroko bonua zozkatuko da Gasteizko musika denda batean gastatzeko, eta musikari bozkatuenak publikoaren saria jasoko du aldi berean.