Gipuzkoan tasa turistikoa ezartzeko lanei ekin die erakunde arteko mahaiak

Mahaiaren lehen bileran izan diren ordezkariak
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 24 febrero 2020 16:47

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak astelehen honetan jarri dute martxan lurraldean tasa turistikoaren ezarpena aztertuko duen erakunde arteko mahaia. Bi erakundeotako ordezkari politiko eta teknikoek parte hartu dute lehen bileran: Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatu Imanol Lasa, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatu Jabier Larrañagak, Donostiako alkate Eneko Goiak, zinegotzi delegatu Marisol Garmendiak eta Donostiako Udaleko arduradun teknikoek.

Alde batetik, indarrean dagoen legediaren eta arlo honekin lotura duten foru arauen azterketa "zorrotza" egingo du mahaiak, eta bi erakundeen eskuetan dauden txosten teknikoak partekatuko ditu. Jarrerak gerturatzen joatea da helburua, tasaren ezarpenaren abantailak eta gabeziak aztertu, eta horren ezarpena ahalbidetuko lukeen marko berri baten oinarriak jarriko lituzkeen txosten bateratu bat osatze aldera.

Bestetik, mahaiak turismoari lotutako fiskalitatearen nazioarte mailako praktika onak identifikatzen hastea adostu da, ikasketak eta ondorioak ateratzeko xedearekin, mota honetako zerga bat gauzatu ahal izateko Gipuzkoan.

Imanol Lasak gogorarazi du "gehiengo sozial eta politiko bat" dagoela Gipuzkoan gisa horretako tributu bat martxan jartzeko, eta lurraldeko Batzar Nagusien aho bateko babesa duela. Gaineratu du mahaiaren egitekoa izango dela "ematen diren pauso guztiak, segurtasunetik eta zorroztasun teknikotik eta juridikotik ematea". Bere hitzetan, urrats horiek "turismoaren sektoreko eragileekin, beste udalekin eta alkateekin modu adostuan egingo dira, eta guztiei erraztuko diegu mahaiaren lanen jarraipena egin ahal izatea".

Lasak berretsi du beharrezkoa dela diru sarrera berri bat jarduera turistikoak lurraldean eragiten dituen ondoriei aurre egiteko eta baliabideak edukitzeko, turismo sektorea hobetzen eta finkatzen jarraitzeko, bikaintasunaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik". "Izan ere, indarrean egon arren, sektorea ez dago oraindik heldua", gaineratu du.

AURRENEKO PAUSOA

Bestalde, Eneko Goiak adierazi du mahaia martxan jarri izana "aurreneko pauso bat" dela "hirian tasa turistikoa behar bezala ezartzeko bidean". Bere iritziz, tasaren ezarpena "Donostiak luzaroan bilatutako helburua da, fenomeno turistikoa jarduera jasangarri bihurtzeko egiten ari den apustuaren barruan".

"Aberastasun sortzaile da turismoa, baina, aldi berean, ahalegin bat eskatzen digu presio handien jasaten dugun hirioi, hala nola Donostiari. Uste dutu tasa turistiko batek sortuko lituzkeen diru sarrerek, Donostian turismo helmuga erakargarri bat izatearen ondorioz pairatzen dugun zama arintzeko balioko luketela", adierazi du.

Goiak konfiantza agertu du posible izango dela zerga berri bat diseinatu ahal izatea, "behar besteko segurtasun juridikoarekin eta eraginkortasunarekin", aurrekontu publikoetan eragin positiboa edukiko duena, "Donostiak eta Gipuzkoak bisitariak erakartzeko duten gaitasunari kalterik egin gabe".