Gizonek emakumeekiko duten jarreran eta jokabidean eragiten duen kanpaina abiatu du Bizkaiko Aldundiak

"Tipo Apartak Nahi Ditugu" Kanpainaren Aurkezpena.
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 18 noviembre 2019 15:55

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren aurkako kanpaina bat jarri du abian, azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. 'Tipo apartak nahi ditugu' leloarekin, kanpainaren bidez, gizonek emakumeekiko duten jarreran eta jokabidean eragin nahi du foru erakundeak.

Teresa Laespada Bizkaiko Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak aurkeztu du kanpaina, astelehen honetan. Ekitaldian izan dira emakumeen kirolaren Bizkaiko zenbait erreferente, hala nola Juana Molina saskibaloi jokalaria (Lointek Gernika), Ainhoa Zurinaga arraunlaria (Lutxana Arraun Taldea), Anne Erauskin eskubaloi jokalaria (Zuazo), Ainhoa Tirapu futbolaria (Athletic Club) eta Ixa Rodríguez boxeolaria.

Laespadak azaldu duenez, "gizon eta emakumeen arteko desberdintasunean oinarritutako gizarte baten bizi gara, adierazpen ugari dituen desberdintasun baten". Horien aurrean, emakumeek "ahotsa altxatu" dutela nabarmendu du, "eraso berri bakoitza, hilketa berri bakoitza, azkena izan dadin".

"Bada garaia tipo apartak, gizon onak agertu eta aurrerapauso bat emateko. Errespetatzen, baloratzen eta babesten dutenak, partekatzen eta aintzatesten duten gizonak. Eta, noski, kontrolatzen ez duten gizonak, umiliatzen ez dutenak, iraintzen ez dutenak, erasotzen ez dutenak eta hiltzen ez dutenak ", gaineratu du.

'Tipo apartak nahi ditugu' kanpaina prentsa idatzian, irratietan, telebistetan eta sare sozialetan izango da ikusgai, bai eta metro, Bizkaibus, Euskotren eta Renfeko aldirietako guneetan ere. Gainera, Bizkaiko Aldundi osoaren barruan "aliantza logikoa" bilatu nahi izan da eta erakundearen lokal askotan kanpainaren kartelak ikusi ahal izango dira.

Era berean, Bizkaiko ehun udal baino gehiagoren, lurraldeko merkataritzaren (Cecobi eta Bilbao Dendak erakundeen bidez), emakumeen eta berdintasunaren eremuko erakunde eta elkarteen, ikastetxeen eta kiroldegien laguntza ere jaso da. Halaber, materiala igorri zaie eskola kiroleko klubei, Euskara, Kultura eta Kirola Sailarekin lankidetzan.

KIROL LEHIAKETAK

Kanpainak ikusgarritasuna izango du goi mailako kirol lehiaketetan ere, adibidez, Athletic Club, Bilbao Basket, Lointek Gernika, Zuazo, Lutxana Arraun Taldea eta Bidaideak Bilbao BSR taldeen lankidetzari esker.

Kanpainari beste jarduera batzuk gehituko zaizkio, besteak beste, Emilio Campuzano Bilboko Lanbide Hezkuntzako Ikastetxe Integratuan eta Guggenheim museoaren atzealdean materiala banatuko baita azaroaren 25ean.

Gainera, azaroaren 28an, Gizartegunea izeneko eztabaida eta hausnarketa jardunaldia egingo da, arreta gizonengan jarriz, baina begirada feministatik. Abenduko zubian BECen egingo den 'Fun and Serious' ekitaldiaren barruan ere material banaketa egingo da nerabeen artean.

Guztira, 3.000 kamiseta, 250.000 pegatina, 16.000 kartel, 1.500 koaderno, 1.500 motxila, 1.500 poltsa, 41.000 txapa eta 1.000 bat triptiko emango dira.