Goi teknologiaren sektoreak EAEko enplegu guztiaren %8,5 sortu zuen 2016an

Goi teknologiako sektorearen 2016ko datuak eman ditu Eustatek
IDC
Actualizado: martes, 20 noviembre 2018 10:59

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Goi eta goi-ertain teknologiaren sektoreak 87.727 lanpostu sortu zituen 2016an Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), enplegu guztiaren %8,5, eta 2015ean baino hamarren bat gehiago. Gainera, erkidegoko guztizko balio erantsiaren %8,8 sortu zuen, aurreko urtean baino hamarren bat gehiago. Sektoreak oinarri teknologiko sendodun eta ezagutza berrikuntza azkardun jarduerak biltzen ditu, eta 19.198 milioi euro fakturatu zuten 4.852 enpresa zituen 2016an, Eustaten datuen arabera.

Enpresa kopurua (65 gehiago) eta pertsona okupatuak (2.627 gehiago) gehitu ziren 2016an, aurreko urtearekiko. Sektoreko enpresen batez besteko tamaina 18,1 pertsonakoa zen 2016an, eta, negozio zifrari dagokionez, aurreko urtearen aldean %8,5 hazi zen, balio erantsia %4,4 gehitu zen bitartean.

Espainiako Estatua osotasunean kontuan hartuz, sektoreak duen pisuari dagokionez, EAEko goi eta goi-ertain teknologia enpresen %5,8, okupazioaren %6,8, negozio zifraren %7,7 eta balio erantsiaren %8,7 izan zen 2016an.

Bestalde, goi teknologiaren sektorean enpresen %12,8k I+G egin zuen 2016an, hau da, sektoreen guztirakoan %0,9k. Gainera, enpresa guztien %3,2 bakarrik izan arren, I+G egin zutenen %47,1 bildu zituen 2016an, eta enpresa sektoreko I+G barne gastuaren %73,7 egikaritu zuen -716,6 milioi euro. 2015ekoaren aldean, sektorearen pisua gastu osoan %2,2 puntu gehitu zen.

Halaber, 2016an 9.069 langile aritu ziren I+Gn, dedikazio osoko baliokidetzan (enpresa sektore guztien %71,8 eta sektore guztien %50,7), eta haietako 2.758 emakumeak ziren. Dedikazio osoko baliokidetzan 5.767 ikertzaile aritu ziren, eta haien arteko 1.770 emakumeak ziren.

Berrikuntzan, I+Gn bezala, alde esanguratsuak izan ziren sektoreen guztirakoaren eta goi teknologiaren artean. Hala, 2016an goi teknologiako establezimenduen %38,9 berritzaile izan ziren, eta sektoreen guztirakoan %11,4. Enpresaren tamaina kontuan hartuta, hamar langile eta gehiagokoetan, lehen kasuan %57,9 izan ziren, eta sektore guztietan %27,9.

Gainera, goi teknologiako establezimenduek 1.300,3 milioi euro gastatu zituzten berrikuntzan 2016an, hau da, guztizko gastuaren %51,5. Gastu horretatik, 1.134,4 milioi euro hamar langile eta gehiagoko establezimenduei zegozkien, tamaina horretako enpresen gastu guztiaren
%53,4 izanik.

MERKATARITZA ELEKTRONIKOA

Bestalde, informazio eta komunikazioen teknologien (IKT) erabilera oso zabaldu zegoen 2016an goi teknologiaren sektoreko enpresen artean, eta merkataritza elektronikoa garatuagoa zegoen sektoreen guztizkoan baino. Horrela, erosketak modu horretan egin zituzten goi teknologiako establezimenduak %49,1 izan ziren, eta salmentak egin zituztenak %13,3; sektoreen guztirakoan %24,0 eta %6,5 izan ziren, hurrenez hurren. Merkataritza elektronikoa goi teknologiako establezimenduen %50,3an eta sektore guztien %26,0an zegoen.

Halaber, goi teknologiaren sektoreak ondasunen atzerrirako kanpo merkataritzan zuen eragina ez zen oso esanguratsua 2016an. Hain zuzen, esportazioak 842,8 milioi euro izan ziren (guztirakoa 21.615,9 milioi euro), eta inportazioak 825,0 milioi euro (guztirakoa 15.604,1 milioi euro). Horrela, sektoreak egindako esportazioak guztirakoaren %3,9 izan ziren, eta inportazioak %5,3.

Produktuei dagokienez, esportazioetan nabarmendu ziren makineria eta tresneria mekanikoa (%48,3), material elektronikoa, irrati, telebista eta komunikazioetako ekipo eta aparatuak (%16,2) eta aireontziak eta espaziontziak egitea (%11,3), eta inportazioetan material elektronikoa, irrati, telebista eta komunikazioetako ekipo eta aparatuak (%30,8), makineria eta tresneria mekanikoa (%20,4), aireontziak eta espaziontziak egitea (%15,9) eta lanabes zientifikoak (%15,7).

Azkenik, EAEko datuak Espainiako Estatu osokoekin alderatzen badira, hamar langile edo gehiagoko enpresetan bada alderik 2016ko adierazleetan. Horrela, enpresa berritzaileak %57,9 ziren EAEn eta %42,2 Estatuan. Interneterako sarbidea eta webgunea zituzten enpresei dagokienez, EAEn %94,5 ziren, eta Estatuan %91,7.