Gripearen aurkako txertaketa kanpaina hasiko da astelehenean EAEn

Gripearen aurkako aurtengo kanpainako kartela.
OSASUN SAILA
Publicado: domingo, 13 octubre 2019 13:30

Osasun Sailak 1,4 milioi euro inbertitu ditu 400.000 dosi baino gehiago erosten, eta kopurua handitu ahalko da, beharrezkoa bada

BILBO, 13 Oct. (EUROPA PRESS) -

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) datorren astelehenean, urriaren 14an, eta hurrengo sei asteetan, gaixotasuna hartzeko arrisku gehien duten taldeek txertoa hartu ahalko dute, hau da, 65 urtetik gorakoek, haurdun daudenek eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek, gripearen ondorioz etor daitezkeen konplikazioak prebenitzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azpimarratu du txertoa dela gripeari aurre egiteko prebentzio neurri nagusia. Gaixotasunak urritik apirilera bitartean du indarrik gehien.

Kanpainaren leloa 'Txertoa jartzeko unea da eta badakizu' da, eta Osasun Sailak 400.000 dosi baino gehiago eskuratu ditu; halere, kopuru hori handitu daiteke, beharrezkoa bada. Horretarako, 1,4 milioi euro inbertituko dira, aurreko kanpainan baino %16 gehiago.

65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie txertoa nagusiki, horiek jotzen baitira arrisku taldetzat, baina osasun langileen kasuan ere hartzea gomendatzen da. Kanpainako helburuak dira arrisku taldeetako pertsonen banakako osasuna babestea eta osasun kolektiboa babestea, oinarrizko prebentzio neurri errazen bidez, besteak beste, behin erabiltzeko zapiak erabiltzea, eskuak sarri garbitzea edo eztul edo doministiku egitean ahoa estaltzea.

Gripea gaixotasun infekziosoa da, eta influenzaren birusak eragiten du; oso azkar zabaltzen da, kutsakortasun maila handia baitu. Oro har, izaera kliniko onbera eta automugatua du, biztanleria talde batzuetan izan ezik, konplikazioak eragin baititzake haietan. Iaz 1.662 pertsona ospitaleratu ziren eta, haietatik, 435 larri egon ziren; gainera, 79 pertsona hil ziren.

Txertoa hartzea "erantzukizun ekintza bat" eta gaixotasunaren aurrean babesteko modurik onena dela nabarmendu dute Osasun Saileko arduradunek: "Txertoa hartzea gaur egun dugun prebentzio neurri seguruena eta eraginkorrena da".

MASKARAK OSASUN ZENTROETAN

Nobedade gisa, eta gaixotasunaren transmisioa eteteko, maskara euskarriak egongo dira ospitaleetako larrialdien eta etengabeko arreta guneen itxarongeletan. Euskarri horiekin batera, informazio kartela egongo da, biztanleei gogorarazteko nolako garrantzia duen eskuetako higieneak eta maskara erabiltzeak, arnasketa sintomarik edukiz gero. Aurrerago, maskara euskarriak osasun zentroetako itxarongeletan jarriko dira ere.

Komunikabideetara ez ezik, kanpaina kanpoko euskarrietara ere zabalduko da, besteak beste, markesinetara, osasun zentroetako fatxadetara eta ospitaleetara, eta jende ugari batzen den lekuetan banatuko diren liburuxken bitartez ere. Oinarrizko neurri higienikoak eta osasun baliabideen erabilera arduratsua gogorarazteko mezuak zabalduko dira.

2018KO DATUAK

2018ko gripearen aurkako kanpainan, 373.878 dosi eman ziren, aurreko urtean baino 1.935 gehiago: 285.335 txerto (guztien %76), 65 urteko edo gehiagoko adin taldean eman ziren, hau da, %58ko estaldura izan zuen; 4.834 haurdun zeuden emakumeen taldean (%35,3ko estaldura); 18.335 pertsona instituzionalizatuen taldean (%91,6); eta 8.539 osasun arloko langileen artean (%32,2).

Osasun Sailak eta Osakidetzako Jagoleen Sareak jasotako balantzearen arabera, pasa den denboraldian izan zen birus zirkulatzailea A motakoa izan zen, kanpainan zehar erabilitako txertoan jasotako anduia. Denboraldiko gripe jarduera erdi mailakoa izan zen, eta intzidentzia handieneko astea 2019ko hirugarren astea izan zen, 532,5 kasu izan baitziren 100.000 biztanleko.