Habitat Bizkaia etxerik gabeko pertsonen arretarako programa izango da XVI. Gizartegunearen ardatza, ostiralean, Bilbon

Publicado: miércoles, 26 febrero 2020 13:11

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila XVI. Gizartegunea antolatuko du ostiralean, otsailaren 28an, Bilbon, eta Habitat Bizkaia etxerik gabeko pertsonen arretarako programa izango da ardatza. Parte hartzeko izen ematea www.bizkaia.eus/gizarte_izenematea helbide elektronikora idatzita egin daiteke.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak 2016an abiatu zuen Habitat Bizkaia, esperimentu gisa. Programaren oinarria 'Housing First' metodoa da, eta helburua, gizarte bazterketa egoeran dauden eta esku hartze pozesuei uko egin edo prozesuotan hainbat aldiz kale egin duten etxegabeen arazoak konpontzea.

Rais fundazioak lagundu zuen programa abiatzen, arloko ezagutza teknikoa eta esperientzia praktikoa baititu. Zubietxe elkarteak ere lagundu zuen, eredua ezarri eta praktikan ipini baitzuen Inklusioa Sustatzeko Zerbitzuarekin koordinatuta. Halaber, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak eta Leioako, Erandioko eta Durangoko udalek lagundu zuten.

Jardunaldia ostiralean egingo da, CRAI liburutegiko Ellacuria aretoan, Bilbon. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatu Teresa Laespadak aurkeztuko du, eta ondoren, Rais fundazioaren zuzendari Jose Manuel Caballolek 'Housing first. What is second?' hitzaldia emango du.

Jarraian Hábitat Bizkaia programaren ebaluazioa egingo dute Deustuko Unibertsitateko irakasle Juan Manuel Gonzalez de Audikanak eta Mikel Montero Matellanesek, eta ondoren mahai ingurua egingo da Zubietxe elkartearen, Goiztiri elkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiko Inklusioa Sustatzeko Zerbitzuaren ordezkariekin. Azkenean solasaldia zabalduko da eta ondorioak azalduko dira. Moderatzaile lanetan Oscar Seco ariko da, Inklusioa Sustatzeko zuzendaria.