Ikastolen Elkarteak langile guztien kontratuak mantentzea eta kontratu etenik ez egitea gomendatu die ikastolei

Bastidako ikastola
EUROPA PRESS
Publicado: martes, 17 marzo 2020 17:31

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Koronabirusak eragindako ezohiko egoeraren aurrean, Ikastolen Elkarteak zentroetan zerbitzuak betetzen dituzten langile guztien lan baldintzak bermatu behar liratekeela adierazi du, gutxienez ikasturtea bukatu arte, eta, ondorioz, gomendatu du langile guztien kontratuak mantentzea eta kontratu etenik ez egitea.

Ikastolen Elkarteak astelehenean proposatu zizkien ikastolei egungo egoeran dituen lehentasunak, eta astearte honetan ezagutarazi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastoletako lan hitzarmeneko mahaian.

Horrela, Ikastolen Elkarteak jakinarazi du "oso argi" dituela zeintzuk diren bere lehentasunak, "15 egunetik harago joango dela aurreikus daitekeen egoera honetan", eta lehenbizikoa osasuna dela ziurtatu du. Horren baitan, langileek, ahal den guztietan, etxetik lan egiteko gomendioa zabaldu eta bultzatu du.

Beste lehentasunetako bat hezkuntza zerbitzua bermatzea da, eta horretarako, Ikastolen Elkarteak eskura dituen baliabide guztiak jarri ditu ikastolen eskuetan, inolako kosturik gabe.

Ikastoletako administrazioetako langileekin egin bezala, irakasleek ere ahal den neurrian etxetik lan egitea bultzatu du. Bigarren multzo horretan daude hezkuntza etapa desberdinetako irakasleak, heziketa
bereziko langileak, hezkuntza laguntza espezialistak eta 0-3 urteko zikloko hezitzaileak ere.

Hain zuzen, 0-3 urteko zikloko hezitzaileek eta zerbitzuetako beste langileek (garbiketa, jangela, garraioa eta eskolaz kanpokoak) dituzte arazorik handienak ematen dituzten zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko.

"Arlo honetan ere, garbi dugu lehentasuna: zerbitzuak betetzen dituzten langile guztien lan baldintzak bermatu beharko genituzke, gutxienez ikasturtea bukatu arte. Ondorioz, gure gomendioa da langile guztien kontratuak mantentzea, kontratu etenik ez egitea. Horrek esan nahi du ezinbesteko kausagatik Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedienterik ez egitea eskatu diegula ikastolei, baldin eta bide hori ez bada lan baldintzak betetzeko helburuarekin erabiltzen", azaldu du.

FILOSOFIA ETA BALOREAK

Horrela, egungo salbuespen egoeran seguru asko zerbitzuak ematea ezinezko izango zaien neurrian, ikastolek ezin izango dituzte zerbitzuetako kuota horiek ere kobratu. Horregatik, "ikastolen filosofia eta baloreak oinarri hartuta, ikastoletan langile hauekiko denon konpromisoa eta elkartasuna erakutsi beharko genukeelakoan gaude".

"Zerbitzu ezak sortuko dituen galerak denon artean finantzatzen ahalegindu beharko genuke. Gurasoen aldetik, zerbitzuen kuota zati bat ordainduz, eta ikastola bakoitzak kostuen beste zatia bere gain hartuz, adibidez. Eta azken erabaki honek ikastolaren bati egoera ekonomiko larria ekarriko balio, Elkartasun Kutxaren bidez ezohiko prozesu batez laguntzea proposatzen dugu", azaldu dute Ikastolen Elkartetik.