Jaurlaritzak bere egingo du 2021eko aurrekontuaren %15ak genero ikuspegia kontuan hartzeko erronka

Publicado: viernes, 15 noviembre 2019 13:57

BILBO, 15 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritza Reykjavik Islandiako hiriburuan egingo den Women Leaders Global Forum (Emakume Liderren Foro Globala) topaketan egongo da azaroaren 18, 19 eta 20an, eta 2021eko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aurrekontuaren %15ak genero ikuspegia kontuan hartzeko erronka bere egingo du bertan. Euren lan esparruetan "kristalezko sabaiak kentzeko" eta genero berdintasuna indartzeko lan egiten duten politika, gizarte eta ekonomia arloetako liderrak elkartuko ditu foroak.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Emakume Liderren Foro Globala arlo horretan mundu osoan egiten den topaketa garrantzitsuena da, eta hiru lan eguneko egitaraua Gudni Th. Johannesson Islandiako presidenteak irekiko du, astelehenean, azaroaren 18an. Topaketaren xehetasunak https://reykjavikforum.global/programme/ helbidean aurki daitezke.

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak joan den martxoan Islandiara egin zuen bisitaren ondoren sortu da foroan parte hartzeko aukera. Bisita horretan, Islandiako Finantza ministroarekin, Parlamentuko Aurrekontu Batzordeko presidentearekin eta Reykjavikeko Udaleko aurrekontu zuzendariarekin elkartu zen Azpiazu. Islandia lehenengo tokian dago 144 herrialde sailkatzen dituen Munduko Ekonomia Foroaren Genero Arrakalari buruzko Indize Globalean.

Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, asteartean, azaroaren 19an, Katrin Jakobsdottir Islandiako lehen ministroak eta Silvana Koch-Mehrin Women Political Leaders elkarteko presidente eta sortzaileak irekiko dute foroa.

Ondoren topaketa bat egingo da, eta bertan, XXI. mendeko hirugarren hamarkadan liderrek dituzten erronka nagusiak aztertuko dira, besteak beste, klima aldaketa, migrazio mugimenduak, adimen artifiziala edo merkataritza gerrak. Saio horretan, beste batzuen artean, Gita Gopinath Nazioarteko Diru Funtseko ekonomialari buruak eta Julia Gillard Global Institute for Women's Leadership erakundeko presidente, Australiako lehen ministro ohi eta Women World Leaders-eko kontseiluko kideak hartuko dute parte.

HERRIALDEEN ESPERIENTZIAK

Ondorengo saioetan, Kosovo, Nigeria, AEB, Finlandia, Maroko, Norvegia, Txile, Italia, Zipre, Zimbawe, Kanada, Siria, Suedia, Kenya, Kroazia, Armenia, Ruanda, Ghana, Lituania, Alemania edo Pakistango ordezkariek euren herrialdeetako esperientziak partekatu eta bakarka edo taldean landu beharreko erronkak eurenganatu ahal izango dituzte.

"Une hori egokia izango da Euskadiren esperientzia eta berdintasunaren aurrean bere gain hartzen duen erronka ezagutarazteko eta helarazteko. Horrela, konpromiso hori bere gain hartuz, Euskadik bat egiten du foroak aldaketa positiborako ekosistema sortzeko duen helburuarekin, urtebeteko denbora tartean ekintza zehatzak eta neurtzeko modukoak indarrean jarriz", azaldu dute Jaurlaritzatik.

Jaurlaritzaren ordezkari gisa parte hartzera gonbidatutako pertsona Yurdana Burgoa Ogasun eta Ekonomia Saileko Kabinete zuzendaria da, eta berak aurkeztuko ditu 2020an Euskadiko aurrekontu proiektua aurrera eramateko egindako lana eta emakumeen eta gizonen arteko ekitateari eta berdintasunari dagokienez eman den jauzi kualitatiboa.

Aurten, Jaurlaritzako sailen, erakunde autonomoen eta partzuergoen 100 txosten inguru jaso ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak, eta horietan, soldata arrakala murriztera, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitera eta berdintasunaren alde lan egitera zuzenduko diren jarduketak zehazten dira. Osakidetzak eta EiTBk lehen aldiz bidali dute informazio hori. Txosten horietatik ondorioztatu da aztertutako aurrekontuaren %10,5ak genero ikuspegia sartzen duela 2020ko plangintzan, hau da, 1.236 milioi euro.