Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzen %63k eta erakunde autonomoen %70ek onetsi dituzte 2018-2022 aldirako euskara planak

Eusko Jaurlaritzako egoitza, Lakuan
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: viernes, 28 febrero 2020 13:48

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomoetako 103 zuzendaritzak beren euskara planak onartu dituzte, Lakuako Gobernuak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana VI. Plangintzaldirako (2018-2022) 2018ko otsailean onartu zuenetik. Horrela, hizkuntza plangintzaren seigarren aldia amaitzeko bi urte baino gehiago falta direnean, zuzendaritzen %63k eta erakunde autonomoen %70,8k euskara beren funtzionamenduan normalizatzeko beren ibilbide orriak onartu dituzte, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintzaldiaren nobedadeetako bat izan da euskara planak zuzendaritza mailakoak izatea, eta ez sail edo erakunde mailakoak bakarrik, orain arte bezala. Hala, plan nagusiak ezarritakoaren arabera, Jaurlaritzako sailek eta haien erakunde autonomoek bost urterako plan estrategikoak onartuko dituzte, eta zuzendaritza edota lurralde ordezkaritza mailako hainbat kudeaketa edo ekintza plan. Horrela, dagokion plan estrategikoaz gain, zuzendaritza eta lurralde ordezkaritza bakoitzak urteko kudeaketa planak egin beharko ditu, urtero berrituko direnak.

Planak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Administrazio Orokorrari eta bere erakunde autonomoei eragiten diela kontuan hartuta, 161 zuzendaritzak garatu behar dituzte beren kudeaketa planak 2018-2022 epealdian; horietan 7.424 langilek lan egiten dute. Gaur egun, euskara planak egin diren Jaurlaritzako 103 zuzendaritzetan 3.358 pertsonak egiten dute lan; beraz, "esan daiteke langile horiek guztiak euskararen erabilerako plan baten eraginpean daudela".

Bestalde, Jaurlaritzatik gogoratu dute zuzendaritza kopuru horren barne lurralde ordezkaritzak eta zuzendariordetzak ere badaudela, beren tamaina edota kokapena kontuan hartuta, urteko kudeaketa plan berezitua behar dutenak.

Jaurlaritzako Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintzaldiak gogoratzen duenez, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Legearen 14. artikuluak Administrazio Publikoan bi jarduera eremu ezartzen ditu: batetik, Administrazioko langileak euskalduntzeko neurriak, eta, bestetik, Administrazioko lanpostuak betetzeko kontuan hartu beharreko hizkuntza araubidea.

Indarrean dagoen plangintzaldiaren arabera, une honetan Jaurlaritzako eta bere erakunde autonomoetako langileen hizkuntza gaitasuna "oso azpimarragarria" da: %70,72k hizkuntza eskakizunen bat egiaztatua du, eta horri esker, "euskara lan hizkuntza izan daiteke Administrazioan". Horregatik, plangintzaren helburuetako bat euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea da, euskara ohiko lan hizkuntza bilakatuz eta Administrazioan bi hizkuntzen berdintasunerantz aurrera eginez.