Jupiterreko Orban Gorri Handiaren fenomeno meteorologikoak askotarikoak direla aurkitu dute

Jupiterreko Orban Gorri Handia
EHU
Actualizado: viernes, 19 octubre 2018 12:40

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Fisikako katedradun eta 2016ko Ikerkuntzako Euskadi saridue Agustín Sánchez Lavegak zuzendutako nazioarteko ikertzaile taldearen lan batek agerian utzi du Jupiterreko Orban Gorri Handiaren fenomeno atmosferikoak askotarikoak direla. Orbanaren kanpoaldean 450 km/h inguruko abiaduran dabiltzan haize bortitzek eragiten dituzte fenomeno horiek.

EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, ikerlana "Astronomical Journal" aldizkariak argitaratu du, eta Amerikako Astronomia Elkarteak nabarmendutako albisteetan txertatzeko hautatu du.

Jupiterreko Orban Gorri Handia 20.000 kilometroko tamaina duen zurrunbilo obalatu itzel bat da, eta eguzki sistemako fenomeno atmosferikorik ezagunena izango da seguru aski. Azterlanaren arabera, amoniako lurrunaren kondentsazioak eragindako ekaitz kumuluak ditu mordokatuta, hau da, Lurrean haizeak mendien gailurrean jotzen duenean sortzen direnen antzeko grabitate uhin estuak. Erdialdean, ordea, baretasuna da nagusi, eta hodeiak kontrako noranzkoan mugitzen dira, 25 km/h-ko abiaduran gehienez.

"Fenomeno horiek Orbaneko hodei sabaia osatzen duen 50 kilometro inguruko lodierako geruza mehe batean baino ez dira gertatzen, eta Orbana berak seguru aski ehunka kilometro batzuetan jarraitzen du sakoneran", adierazi dute ikertzaileek, JunoCam kamerak Orban Gorri Handiaren ingurutik igarotzean hartutako irudietan oinarrituta. Hain zuzen, fenomeno horren inguruko alderdi horiek eta beste batzuk izango dira Juno misioak datozen urteetan egingo dituen ikerketen jomugak.

Jupiterreko Orban Gorri Handia duela 150 urte inguru aurkitu zuten. Teleskopiotik begiratuta, kolore gorrizta nabarmentzen da planetako gainerako hodei zuri, horizta eta okreen aldean. Fenomeno horri buruz azterlan asko eta asko egin badira ere, oraindik erronka handia da meteorologo planetarioentzat.

JUNO

NASA erakundeak Jupiterreko atmosfera sakona, barnealdea eta eremu magnetiko konplexua aztertzeko asmoz bidali zuen Juno misio espaziala 2016an sartu zen orbitan. Barruan daramatzan tresna zientifikoen artean, JunoCam izeneko kamera dago, eta planetako irudiak hartzea du helburu, zabalkunde lanetarako eta herritarrek zientzian parte har dezaten sustatzeko.

Jupiter ingurutik bidalitako lehen irudiek iradoki zutenez, kamerak zientzian erabiltzeko ahalmen handia dauka, atmosferaren zazpi kilometro inguruko xehetasunak erakutsi baitzituen (ordura arte, inoiz ez zen halako bereizmenik lortu).

Halaber, Ricardo Huesok zuzendutako Zientzia Planetarioen Taldearen beste lan batean, mundu osoko astronomo zaleek azken urteetan Jupiterreko atmosferan detektatutako bolidoen inpaktuei buruzko azterketa bat aurkeztu da.

2010etik 2017ra, 5-20 metroko tamainako gorputzek eragindako segundo bateko bost argi flash hartu ziren. Zenbatespenen arabera, tamaina horretako 10-65 inpaktu inguru gertatzen dira urtean Jupiterren, oso laburrak direnez gero detektatzea oso zaila bada ere. "Nature" aldizkariak lan horren berri eman zuen urriaren 4an, Research Highlight atalean.