Kirolean sexu abusu eta jazarpena eta sexuagatiko jazarpena artatzeko zerbitzua abiatu dute EAEn

Legarza, Zupiria eta Landaida
IREKIA
Actualizado: lunes, 19 noviembre 2018 13:52

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Kirol arloan sexu gehiegikeria eta sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena artatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zerbitzua jarri dute martxan. "Zure taldekoak gara" goiburua erabilita, arazoa ekiditeko biktimei, haien inguruneari eta federazio, klub eta elkarteei laguntza ematea du xede zerbitzu berriak.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak abiatu dute zerbitzua, legealdi honetan kirol arloan berdintasun erreala eta eraginkorra bultzatzeko duten asmoaren barruan, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planak eskainitako testuinguruan oinarrituta, eta Emakunderen laguntzarekin.

Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egindako aurkezpenean parte hartu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak.

Adierazi dutenez, EAEn kirol arloan sexu abusu eta jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren inguruan datu kuantitatiborik ez dagoen arren, "gaur egun kirol esparruan emakumeen eta gizonen artean dagoen egiturazko desberdintasuna namarmena da, beste esparru batzuetan baino handiagoa". "Beraz, beharrezkoa da genero indarkeriaren barruan dauden indarkeria adierazpen ezberdinak ezagutzea, aitortzea eta aztertzea, gerta litezkeen kasuak ekiditeko edo horien aurka aritzeko", ziurtatu dute.

Nazioarte mailan egindako azken ikerketen arabera, kirol arloan sexu jazarpena %3 eta %52 bitartekoa da herrialdearen eta erabilitako metodología eta definizioen arabera. Edozein kirolarik sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpenekin lotutako egoerei aurre egiteko beharra izan dezake, baina gehienetan neskatoak eta emakumeak, nazioarte mailan lehiatzen diren gazteak, LGTB taldearen barruan dauden atletak eta aniztasun funtzionala duten kirolariak izaten dira biktimak. Horiez gain, beste estamentu batzuetako emakumeek ere paira ditzazkete horrelako egoerak, esaterako, entrenatzaileek, epaileek, teknikariek, zuzendariek eta sektoreko beste profesionalek.

Horrela, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzak -zehazki, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak-, Zero Tolerantzia adierazi nahi dute horrelako egoeren aurrean, eta kirol erakundeei eta batez ere biktimei laguntzeko eta mota honetako indarkeria saihesteko eta indarkeria horren aurka egiteko zerbitzua abiatu dute.

INFORMAZIOA ETA AHOLKULARITZA

Zerbitzuak informazioa eta aholkularitza eskainiko ditu telefonoz 688 671 000 zenbakian, deia beste edozein zenbakira aldatzeko aukerarekin. Posta elektronikoa ere erabili ahalko da: zuretaldekoakgara@euskadi.eus. Gainera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako webgunean kokatutako "landing page" baten bitartez, erabiltzaileek informazioa azkar jasotzeko aukera izango dute: www.euskadi.eus/zuretaldekoakgara

Beharrezkoa denean, aurrez aurreko aholkularitza eskainiko da egoeragatik komenigarria dela uste izanez gero, eta pertsonak edo erakundeak onartuz gero. Beti ere aurrez aurreko aholkularitzaren bidez babesa eta sostengua emango da, informazioa gehituko da eta, behar izanez gero, kontsulta egiten duen pertsonarentzat edo erakundearentzat egokiagoa izan daiteken beste esparru batera arazoa bideratuko da.

Arreta zerbitzua gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko da 09:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera. Kirola egiten duten adingabe, gazte eta emakumeei zuzentzen zaie, baita beste kirol estamentuetan lan egiten duten emakume, entrenatzaile, epaile, teknikari eta beste profesional batzuei; erakunde, federazio, klub eta kirol elkarteetako teknikari eta zuzendariei; eskola zentro eta IGEi, eta orokorrean gai honi buruz informazioa eta aholkularitza behar duten kirol arloko profesionalei.

IRUDIA

"Zure taldekoak gara" goiburupean, Basque Team Fundazioko urdin kolorea erabiliz atzealdean, eta gizonez eta batik bat emakumez osaturiko talde baten marrazkiaz baliatuta, kirol arloan sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpenaren aurka ari den talde baten irudia azpimarratu nahi da, martxan jarritako telefonoa eta zerbitzua ere nabarmenduz.

Zerbitzua iragarriko duen kanpainaren irudia osatzeko, Basque Team Fundazioan bekatuta dauden kirolari batzuek bideo bat grabatu dute sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpen egoerak zeintzuk izan daitezkeen argitzeko.

Horrela, Lucas Eguibar snowboardlariak, Juan del Campo eskiatzaileak, Igor Genua eta Nerea Agirre errugbi jokalariek, Ane Santesteban eta Ana Usabiaga txirrindulariek, Ane Barandiaran softbol jokalariak, Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak eta Gontzal Garcia curling jokalariak izan dira Basque Team Fundazioko beste kirolari guztien ordezkariak, genero berdintasuna bultzatzeko eta sexu abusu eta jazarpen eta sexuagatiko jazarpenaren aurka egiteko duen kontzientzia eta konpromisoa adierazteko.