Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Biltzarra Donostian egingo da, 2019ko martxoan

Erakundeetako ordezkariak
IREKIA
Actualizado: lunes, 15 octubre 2018 13:28

DONOSTIA, 15 (EUROPA PRESS)

Change the Change Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Biltzarra Donostian egingo da, 2019ko martxoaren 6an, 7an eta 8an, eta enpresa munduko, toki administrazioetako, unibertsitateetako, teknologia eta ikerkuntza zentroetako, gobernuz kanpoko erakundeetako eta gizarte erakundeetako 600 ordezkari bertaratzea espero da. Helburua da klima aldaketaren eztabaidaren abangoardian kokatzea lehen mailako hizlariekin eta gure ingurunean jarduteko aukera berriak irekitzea.

Hala jakinarazi du astelehen honetan Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak. Biltzarraren aurkezpena Donostian egin da, eta Arriolarekin batera egon dira Valvanera Ulargui Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Klima Aldaketaren Bulegoko zuzendaria, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta Ernesto Gasco, Donostiako Udaleko alkateordea. Hain zuzen, erakunde horiek guztiek antolatu dute topaketa.

Hiru egunetan, klima aldaketaren inguruan mundu mailan garrantzitsuenetakoak diren 50 adituk beren ikuspegi estrategikoa azalduko dute, 90 minutuko saioetan, eta elkarrizketarako eta eztabaidarako tartea ere egongo da. Gaikako zortzi bloketan egituratuko dira saioak: planetaren osasuna, eskualdeen rola, hiri ingurunea, jasangarritasuna, energia trantsizioa, ekonomia, hezkuntza eta emakumeen lidergoa.

Biltzarraren egun bakoitzean, gaikako atalak "planetako heroiak" izeneko saio berezi batekin osatuko dira. "Planetako heroi" horiek proiektu eta ekimen berritzaileak abiatu dituzte, hainbat arlotatik eta munduko hainbat lekutan, klima aldaketari aurre egiteko eta hari buruz jendea sentsibilizatzeko. Helburua da klima aldaketari buruzko eztabaida teorikoa eramatea emaitzak erdiesten ari diren benetako proiektuetara.

Hain zuzen, klima aldaketa pertsona ororen ardura dela azpimarratzeko, Euskadiko Klima Aldaketaren Astearen esparruan egingo da biltzarra. Euskadiko Klima Aldaketaren Astea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan egingo da 2019ko martxoko lehen astean, eta publiko guztientzako jardueren egutegi zabala eskainiko du.

KLIMA ALDAKETA EUSKADIN

Aurkezpenean azaldu dutenez, klima aldaketaren aurkako borrokan, etorkizuneko klima baldintzak nolakoak izango diren aurreikustea da lehen urratsa. Ildo horretan, Euskadik klima atlas bat egin du, oinarrizko lau aldagairen 1971-2015 aldiko eguneroko datuekin eta bereizmen espazial altuarekin. Atlas hori klima aldaketaren XXI. mende amaierara arteko proiekzioekin osatu da. Proiekzio horiek Klima Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Taldeak nazioartean koordinatzen dituen klimari buruzko joera proiekzioen ildoari jarraikiz egin dira.

Atlasa eta proiekzioen agertokiak oinarritzat hartuz, eta haiek duten bereizmen espazial altuari esker, klima aldaketak Euskadin eragiten dituen inpaktuen azterketa sektorialerako eta lurralde azterketarako datu erabilgarriak lortzen ari dira, besteak beste, neguko tenperatura minimoek eta udako tenperatura maximoek gora egitea, prezipitazioen murrizketa eta fenomeno meteorologiko izugarriak, itsasoko uraren tenperaturaren berokuntza eta itsas mailaren igoera, eta laboreetan, basoetan eta gizakien osasunean eragina.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Klima Aldaketaren Lege berria eratzeko lanean dihardu. Egun, Klima 2050 Estrategia dauka indarrean, klima aldaketaren ondorioak arintzeko eta lurraldea horietara egokitzeko. Eusko Jaurlaritzako sail guztiek partekatzen duten tresna da, eta orain arte garatu diren jarduketak indartzeko eta beste neurri batzuk hartzeko balio du.

Klima 2050 Estrategiaren helburuak asmo handikoak dira: batetik, klima aldaketaren eragile diren berotegi efektuko gasen isuriak %40 gutxitzea 2030rako, eta, bestetik, karbono gutxiko energia eredu baten aldeko apustua, energia berriztagarrien kontsumoa azken kontsumoaren %40 izan dadin 2050ean.