Kontsumobidek ikastetxe ez arautuei zuzendutako gida bat argitaratu du

Publicado: martes, 22 octubre 2019 17:18

BILBO, 22 Oct. (EUROPA PRESS) -

Kotsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak ikastetxe ez arautuei zuzendutako gida bat argitaratu du. Bertan, pertsona kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko ikastetxe horiek dituzten lege betebeharrei buruzko informazioa eman da.

Kontsumobidek jakinarazi duenez, bere Merkatu Kontroleko unitateak egindako azken ikuskapen kanpainan ikusi zen zentro horietako askok ez zituztela arauak betetzen, batez ere kontratua egin aurretik jendearen esku jarri behar den informazioarekin lotutako alderdiekin loturik.

Hori ikusita, kontsumo erakundeak gida bat prestatu du. Argitalpenaren 3.500 ale kaleratu ditu, eta Euskadi osoko ikastetxe ez arautuetara igorriko ditu. Nahi izanez gero, Kontsumobideren web orrian ere eskura daiteke gida formatu digitalean: www.kontsumobide.eus.

Gidan, besteak beste, honako alderdi hauek lantzen dira: jendeari zuzendutako informazioa, informazio liburuxkak, kontratua, finantziazioa, faktura edo ordaindu izanaren egiaztagiria, akreditazioa, jardunbide egokiak, kontsumoko gatazka bakoitzean nola jardun eta sarean kontratatutako ikastaroetan atzera egiteko eskubidea.