Kulturako eta sorkuntzako eragileentzako deialdiei buruzko jardunaldia antolatu du Topaketak programak, Gasteizen

KulturAraba Bulegoko langile bat.
ARABAKO ALDUNDIA
Publicado: domingo, 16 febrero 2020 12:36

GASTEIZ, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

KulturAraba Bulegoak antolatzen duen Topaketak programaren aurtengo jardunaldia izango da datorren ostegunean, otsailaren 20an, Gasteizen, eta kulturako eta sorkuntzako eragileentzako deialdiak jorratuko ditu. Hain zuzen, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak kultur eta sorkuntza sektorean antolatzen dituzten dirulaguntza eta beka deialdien berri emango dute prestakuntza
jardunaldian.

Arabako Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, kultur sorkuntzarekin lotuta dauden eta interesgarrienak izan daitezkeen hamabi deialdiak aukeratu dituzte jardunaldirako, kontuan hartuta sortzaileek zer arazo izaten dituzten jakiteko kasuan kasuko dirulaguntza behar dutena den eta hartarako hautagai izan daitezkeen. Gainera, bertaratutakoek lantegi bat egingo dute dirulaguntza lerro horietarako edo beste batzuetarako proiektuak nola prestatu eta aurkeztu ikasteko.

Jardunaldia Montehermoso kulturuneko Betolaza aretoan izango da, Gasteizen, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Parte hartzea doakoa da, baina izena eman beharra dago, 65 plaza besterik ez baitaude.

Joan den urteko azken lauhilekoan antolatutako jardunaldiei jarraipena emango die otsailekoak. Aurreko jardunaldietan honako gai hauek landu ziren: 'Lehiaketa publikoak eta dirulaguntzak', 'Fiskalitatea kultura sektorean', 'Publikoen garapena' eta 'Kulturarekin lotutako enpresa gisa, finantzaketa lortzeko moduak'.

Arabako kultura eta sorkuntza sektoreari arreta emateko KulturAraba Bulegoak antolatutako prestakuntza programa da Topaketak. Jardunaldiak bulegoan egindako entzute aktiboaren ondorioz sortu ziren, eta sektoreko profesionalen kezka nagusiei heldu nahi diete. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Laboral Kutxak lankidetzan sortutako proiektua da KulturAraba Bulegoa.