Laboral Kutxak 137,7 milioi euroko mozkina izan du 2019an, aurreko urtean baino %3,02 gehiago

Laboral Kutxaren egoitza
LABORAL KUTXA
Actualizado: jueves, 20 febrero 2020 11:49

Interes marjina %1,38raino hobetzea lortu du kreditu kooperatibak, 249,9 milioi euroraino

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Laboral Kutxa kreditu kooperatibak 137,7 milioi euroko mozkina izan du 2019an zergak ordaindu ondoren, aurreko ekitaldian baino %3,02 handiagoa. Jarduera komertzialaren hazkundea izan da emaitzen hobekuntzaren oinarria, erakundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Laboral Kutxaren arabera, 2018ko ekitaldiaren ezaugarrietako asko errepikatu egin dira 2019an finantza erakundeentzat: euriborrari lotutako tasen kurbak beheraldi luzeari eutsi dio, eta horri ziklo ekonomikoaren dezelerazioa erantsi zaio, batez ere urteko azken zatian.

Dena den, aurreko ekitaldiko emaitzak hobetzea lortu du Laboral Kutxak. Horrela, kreditu kooperatibaren emaitza kontuak 137,7 milioi euroko mozkina izan du zergak ordaindu ondoren, aurreko ekitaldian baino %3,02 handiagoa, eta funts propioen gaineko errentagarritasuna %7,85ekoa izan da.

Interes marjinari eusteko zailtasuna da banku negozioaren ezaugarri nagusia, eta, testuinguru horretan, jarduera komertzial indartsua izan du oinarri Laboral Kutxaren emaitzak 2019ko ekitaldian, batez ere hipoteka merkatuan, formalizazio berriek %12,9 egin baitute gora, bai eta merkataritza arloan ere, enpresen kreditu inbertsioak %9 handitu
baitira.

Era berean, erakundearen sarrerak hobetzeko lagungarri izan da pasiboko saldoek balantzetik kanpoko figuretara izan duten fluxua, zehazki inbertsio fondoetara eta aurreikuspen eta pentsio planetara, %11,9 eta %6,9 handitu baitira, hurrenez hurren.

Ekitaldiaren laburpena egiteko beste alderdi garrantzitsu batzuk dira berankortasunaren bilakaera, beheraka jarraitu eta %3,73an kokatu dena, eta likideziaren egoera bikaina, %68ko LTD ratioarekin. Bereziki azpimarratzekoa izan da Laboral Kutxaren sendotasuna kaudimenaren aldetik, %20,17ko Common Equity Tier1 ratioa (CET1) izan du eta.

Bestalde, euriborrak aurreikusitakoa baino portaera okerragoa izan badu ere, interes marjina %1,38raino hobetzea lortu du Laboral Kutxak, 249,9 milioi euroraino. Datu positibo horren arrazoi nagusiak izan dira, alde batetik, aktiboko formalizazioen bilakaera ona, eta, bestetik, altxortegi propioaren gestioaren ekarpena.

Komisioen ekarpenak %2,57ko hazkundea izan du. Balantzetik kanpoko figuren (batik bat aseguru negozioaren eta ordainbideen) portaera onak konpentsatu ahal izan du gordailuen berme funtsera eta entitateen suntsiarazpenerako funtsera egindako ekarpenen zama, 29,7 milioi eurokoa (%7,2 gehiago). Horri esker, entitatearen marjina gordina 405 milioi eurokoa izan da, aurreko ekitalditik %0,27ko hazkunde txikia lortuta.

Halaber, gastu eta amortizazioen arloko "gestio eraginkorra" egiten jarraitu du Laboral Kutxak, eta, hala, %1,44 jaitsi dira, 240,9 milioi euroraino. Berankortasunak behera egin arren, entitateak ohiko irizpideari eutsi nahi izan dio, zuhurtasunik handienaz jokatuz. Ildo horretan, narriadurak eta kaudimen gabeziak estaltzeko iazko ekitaldikoen antzeko zuzkidurak bideratu ditu: 10,67 milioi euro.

Aurreko guztiaren ondorioz, zerga aurreko emaitza bateratua 153,7 milioi eurokoa izan da. Zergak ordaindu ondoren eta gizarte-ekintzarako funtsak esleitu aurretik, ekitaldiko emaitza garbi bateratua 137,7 milioi eurokoa izan da, 2018ko ekitaldian baino %3,02 handiagoa.

Gainera, Laboral Kutxak kreditu zorroaren kalitatea hobetzea lortu du, zalantzazko maileguak % 17,2 jaitsiz. Ondorioz, bere berankortasun indizeak beheranzko joerari eutsi dio, %3,73ra iritsi arte. Erakundearen arabera, "emaitza oso ona da", banku sektorearen zalantzazkoen ratioarekin alderatuta (%4,99koa, azaroko azken datuaren arabera).

AURREZKIA

Bestalde, Laboral Kutxak 2019ko ekitaldiaren bukaeran gestionatutako baliabide guztiak %8,1 handitu dira, eta 23.590 milioi eurora heldu. Bezeroen gordailuak %7,9 handitu dira, ageriko kontuen, aurrezki kontuen eta eperako gordailuen bitartez bideratuak.

Kreditu kooperatibaren bezeroek aurrezkia dibertsifikatzeko joera izan dute urtean zehar. Horrekin lotuta, entitateko gestore espezializatuek aholkularitza lan handia egin dute bezeroekin, eta, ondorioz, erakundeak gestionatutako balantzetik kanpoko baliabideek "portaera ona" izan dute.

Hala, inbertsio funtsak %11,9 hazi dira, sektorearen batez bestekoa baino %4,5 puntu gehiago. Aurreikuspen eta pentsio planetan, berriz, ekarpenak %6 handitu dira, eta ekarpenak egiten dituzten bezeroen kopurua %8.

INBERTSIOA

Bestalde, 2019ko ekitaldia "inflexio puntua" izan da kreditu inbertsioaren bolumenari dagokionez, eta, Laboral Kutxaren "salmenta indarraren dinamismo komertzialari esker, urtean zehar kontratatutako mailegu eta kredituek konpentsatu egin dute oraindik ere handia den
amortizazioen fluxua".

Zentzu horretan, kreditu inbertsioa guztira 13.1826 milioi eurokoa zen iazko abenduaren bukaeran, 2018ko abenduko saldoa baino %4,8 handiagoa. Datu hori askoz hobea da banku sektorearena baino, horren batez besteko bilakaera negatiboa izan baita urtean: %1,6 egin du behera 2018koarekin alderatuta (abenduko datua).

Etxebizitza erosteko hipoteka kredituen zenbatekoa %12,9 handiagoa izan da 2018koa baino, nahiz eta Estatuan merkatu hori geldirik egon, joan den ekainean onartutako Hipoteka Lege berriaren ondorioz. Kontsumorako kredituei dagokienez, erakundeak bilakaera positiboa izan du urtetik urterako konparazioan. Azken zatian, batik bat, urteko saldo osoa %5,7 handitu da eta urteko formalizazioak %2,9 gehitu dira.

Gainera, aseguruen negozioak emaitzei egindako ekarpena 39,5 milioi eurokoa izan da 2019an. Ekitaldiko bilakaera onak lau ardatz izan ditu: saldutako poliza berrien hazkunde nabaria (%4,5ekoa), berritze maila handia, ezbehar kopuru txikia eta gastuen gestio eraginkorra.

Primen bilakaera dela eta, Laboral Kutxak etxeko aseguruen portaera ona nabarmendu du, urtean %2,9ko igoera izan baitute, bai eta bizitza arriskuko aseguru indibidualena ere, %3ko hazkundearekin.

Azkenik, Laboral Kutxak "erritmo bizian" jardun du digitalizazioa eta omnikanalitatea garatzeko plana aurrera eramaten, bezeroek "bestelako harreman eredua" eskatzen dutelako, "gero eta intentsiboagoa teknologiari dagokionez".

Horrela, bezero digitalen kopuruak %9 egin du gora 2019an, eta sakelako telefonoa izan da hazkunde horren eragile nagusia. Hala, sareko kanaletako bezeroen %80k sakelakoa erabiltzen du. Datu argigarri gisa, Bizum ordainpeko plataforma mugikorraren erabiltzaileak %70 gehitu dira 2019an.