Lanbidek 2,38 milioi euro banatuko ditu familia eta lana uztartzeko bide ematen duten enpresen artean

Lanbideko bulego bat
Europa Press
Actualizado: martes, 16 octubre 2018 12:45

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Lanbide euskal enplegu zerbitzuak 2.380.000 euro banatuko ditu guztira familia eta lan bizitzak uztartzeko bide ematen duten enpresei bideratutako diru laguntzetan. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Lanbideren Administrazio Kontseiluaren akordioaren berri eman dio astearte honetan Gobernu Kontseiluari, eta, horren bidez, 2018an familia eta lana uztartzeko laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak gehitu egin dira.

Hain zuzen, laguntza ildo horrek 1,7 milioi euro zituen hasieran, seme-alabak eta mendekotasun egoeran edo osasun egoera oso larrian dauden senideak zaintzeko eszedentzian edo lanaldi murrizketan dauden langileen ordezkapena bultzatzeko.

Orain, Lanbideko Administrazio Kontseiluak onartutakoaren arabera, kopuru hori 680.000 euro areagotzea proposatu da, eta horrela, Lanbidek 2.380.000 euro izango ditu neurri horiek finantzatzeko.

Familiako eta Laneko Bizitza Uztartzeko Laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak familiei zuzendutako hiru jarduketa ildo aurreikusi ditu: lehenengoa, seme-alabak zaintzeko eszedentzian edo lanaldi murrizketan dauden langileei laguntzeko; bigarrena, mendekotasun egoeran edo osasun egoera oso larrian dauden senideak zaintzeko; eta hirugarrena, seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko.

Bestalde, dekretuak laugarren laguntza ildoa ere aurreikusi du, enpresa kontratatzaileak diruz laguntzera bideratzen dena, eta zuzenean kudeatzen ditu Lanbidek (aurreko hirurak Familiako eta Politika Komunitarioko Zuzendaritzak). Gobernu Kontseiluak astearte honetan onetsi dituen laguntzak azken laguntza ildo horri dagozkio.

Oro har, lau jarduketa ildoak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko III. Planaren esparruan kokatzen dira. Helburua da familien sustapen eta laguntza politikak bultzatzea beren bizi ziklo osoan.

Ebazpen honetan jaso diren diru laguntzak norberaren kontura dabiltzan pertsona fisikoek eta EAEn lan zentroa duten pertsona juridiko pribatuek eskatu ahalko dituzte, sozietate publikoek izan ezik. Eskabideak aurkezteko epea urte osoan dago zabalik.