Langabezia tasa %10,2 izan da EAEn 2018 amaitzean

Lanbide
Europa Press - Archivo
Actualizado: viernes, 18 enero 2019 11:05

   BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan merkatuaren 2018ko azken hiruhilekoko datuen arabera, 106.300 langabe zeuden eta langabezia tasa %10,2 zen, aurreko hiruhilekoan baino %0,7 puntu gehiago eta aurreko urteko hiruhileko berean baino %0,9 puntu gutxiago. Gainera, 935.200 okupatu zeuden, aurreko hiruhilekoan baino 3.700 gutxiago (-%0,4), Eustaten datuen arabera.

   Modu honetan, landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, jarduera tasa %56,6 zen EAEn joan den urteko laugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,2 puntu gainetik.

   Herrialdeka, Gipuzkoan jaitsi zen gehien okupazioa, 2.100 pertsona okupatu gutxiagorekin; ondoren Bizkaia dator (-1.300), eta, azkenik, Araba, okupazioa 200 pertsonatan jaitsi ondoren. Hiriburuei doakienez, Donostian jaitsi zen gehien okupazioa, 3.300 pertsona okupatu gutxiagorekin, eta jarraian Bilbon (1.300 gutxiago); aitzitik, Gasteizen okupazioa 600 pertsonatan igo zen.

   Okupazioaren jaitsierak gizonei eragin zien batik bat, gizon okupatuak aurreko hiruhilekoan baino 6.800 gutxiago izan baitziren; emakumeei dagokienez, aldiz, 3.100 emakumetan igo zen okupazioa.

   Bestalde, sektoreetan, industrian (3.200 okupatu gutxiago), zerbitzuetan (-1.300) eta lehen sektorean (-1.200) jaitsi zen okupazioa, baina eraikuntzan 2.300 pertsonatan igo zen.

   Okupazio tasa, hau da, 16 eta 64 urte bitarteko biztanle kopuruaren gaineko landunen portzentajea, %68,1 zen iazko azken hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,2 hamarren gutxiago. Gizonezkoentzat %71,5 zen tasa hori, eta emakumezkoentzat %64,6.

   Lurraldeetan, okupazio tasarik altuena Gipuzkoak zuen, %69,5ekin, aurreko hiruhilekoan baino %0,5 puntu gutxiago; Araba zegoen bigarren tokian, %69,3rekin (%0,3 puntu gutxiago), eta Bizkaia azkenik, %66,8rekin (%0,1 puntu gutxiago).

   Halaber, 2018ko laugarren hiruhilekoan zenbatetsi zen EAEko 885.800 familia etxeetako heren batean ez zegoela pertsona aktiborik. Erdia pasatxoan pertsona aktibo guztiak okupatuta zeuden, aurreko hiruhilekoan baino 3.600 familia gutxiagotan. Orobat, pertsona aktibo guztiak langabezian zituztenak 32.800 ziren, aurreko hiruhilekoan baino 500 gutxiago.

LANGABEZIA

   Bestalde, zenbatespenen arabera, langabeak 106.300 ziren EAEn 2018ko azken hiruhilekoan, hots, lan bila aritu, bilatzeko kudeaketa aktiboak egin eta gainera lanerako prest zeudenak, aurreko hiruhilekoan baino 7.600 gehiago. Gizonezko langabeak 54.500 ziren (7.500 gehiago), eta emakumeak 51.800 (100 gehiago).

   Urte artean, hau da, 2017ko azken hiruhilekoaren aldean, EAEko langabezia tasa %0,9 puntu jaitsi zen, %11,1etik %10,2ra eta, horrela, 2017ko laugarren hiruhilekoan baino 8.500 pertsona langabe gutxiago zeuden EAEn 2018 amaitzean.

   Horrela, iazko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, langabezia tasa %10,2 zen, aurreko hiruhilekoan baino %0,7 puntu gehiago. Gizonen langabezia tasa %10 zen (%1,4 puntu gehiago), eta emakumeena %10,4 (%0,1 puntu gutxiago). Gazteen langabezia tasak jarraitu zuen izaten altuena, %19,3rekin, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,9 puntu gutxitu zen arren.

   Lurraldeka, langabeziaren gehikuntzarik handiena Gipuzkoan izan zen (3.100 gehiago), eta langabezia tasa %8,1 zen, aurreko hiruhilekoan baino %0,9 puntu gehiago. Bizkaian 61.400 langabe zeuden (2.800 gehiago), eta langabezia tasak %11,3 (%0,5 puntu gehiago). Araban 1.600 pertsona gehiago ziren langabeak aurreko hiruhilekoaren aldean, eta

   langabezia tasa %0,9 puntu gehitu zen, %10,8 izanik. Hiriburuei dagokienez, Bilbon hazi zen gehien langabezia, 1.600 langabe gehiagorekin, eta ondoren Gasteizen (+1.200) eta Donostian (+500).

   Halaber, Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren datuen arabera, joan den urteko azaroan, 28-EBko langabezia tasa %6,7 zen, eta Espainiakoa %14,7.

   Bestalde, EAEko biztanleria landuna 16.900 pertsonatan igo zen 2018ko azken hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, hau da, %1,8 gehiago. Gizonen arteko hazkundea 10.000 pertsonakoa izan zen, eta emakumeen artekoa 6.900 lagunekoa.

   Okupazioa jarduera sektore guzietan hazi zen urte artean, bereziki zerbitzuetan, 11.100 pertsonako hazkundearekin okupazio garbian, eta industrian, 4.200 pertsona gehiagorekin.

   Azkenik, zenbatetsi da batez beste EAEko 868.300 biztanle zirela Gizarte Sergurantzako harpidedun inkesta garaian. Haien arteko %99 okupatuak ziren Nazioarteko Lan Erakundearen (NLE) irizpideen arabera, hau da, guztira 859.300 lagun.