Luise Donschen alemanaren 'Ganze Tage zusammen' film laburrak irabazi du Zinebi 61eko Sari Nagusia

Zinebi 61eko epaimahaikideak.
ZINEBI
Actualizado: viernes, 15 noviembre 2019 13:14

Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren 'Mateoren ama' filmak Euskal Zinearen Sari Nagusia lortu du

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Luise Donschen zinemagile alemanaren 'Ganze Tage zusammen (Entire days together)' fikziozko film laburrak irabazi du Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 61. edizioko Sari Nagusia. Sariari esker, 7.000 euro eskuratu ditu egile alemanak. 57 film labur lehiatu dira Zinebi 61eko nazioarteko lehiaketako sail ofizialean: 17 animaziozkoak, 18 fikziozkoak eta 22 dokumentalak.

Bi euskal film laburrek eraman dituzte jaialdiko beste sari nagusiak -bakoitza 6.000 eurokoa-: Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren 'Mateoren ama' lanak Euskal Zinearen Sari Nagusia lortu du, eta Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen 'Solo son peces' filmak Zine Espainiarraren Saria.

Sail ofizialeko sarituen zerrenda ostiral honetan aurkeztu du Zinebi 61eko epaimahaiak. Fernando Franco gidoilari, zuzendari eta irakasleak, Nahikari Ipiña ekoizleak, Marcel Jean Annecyko Animazio Zinema Jaialdiko zuzendariak, Susana S. Rodrigues programatzaile portugaldarrak eta Reem Shilleh Palestinako ikertzaile eta idazleak osatu dute epaimahaia.

Generoen araberako Mikeldi Sariei dagokienez, nazioarteko epaimahaiak Sonia K. Hadad irandarraren 'Emtehan (Exam)' lanari eman dio fikziozko film labur onenaren Mikeldia; animaziozko zinearen atalean, film labur onenaren Mikeldia Theodore Ushev kanadarraren 'Physique de la tristesse (The Physics of Sorrow)' filmak eraman du, eta film labur dokumental onenaren Mikeldia Camila Kater brasildarraren 'Carne' lanak jaso du. Hiru sari horietako bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia eman dio, Pilvi Takala finlandiarraren 'The Stroker' dokumentalari.

Bestalde, bere lana aurkezteko Bilbon izan den Eloísa Solaas zinemagile argentinarraren 'Las facultades' lanak jaso du dokumental eta fikzio generoko film luzeei zabalduriko Zinebi First Film saria, eta 12.000 euro eskuratu ditu. Gainera, Jessica Sarah Rinlanden 'Those That, At A Distance, Resemble Another' dokumentalak eta Lendita Zegirajren 'Sphia e Agës (Aga's House)' fikzio lanak aipamen berezi bana jaso dute. Horrez gain, Zzinebi Firts Film - Epaimahai Gaztea sari berezia eman diote John Skoogen 'Säsong (Ridge)' filmari.

BESTE SARI BATZUK

SGAE Fundazioak - Euskadiko Kontseiluak Josu Martínezen 'ANTI' fikziozko film laburrari eman dio 3.000 euroko Euskal Gidoi Onenaren saria. Ikus-entzuleen EiTB saria, hori ere 3.000 eurokoa, Aline Höchli zuzendari suitzarraren 'Warum Schnecken Keine Beine Haben (Why Slugs Have No Legs)' animaziozko film laburrak jaso du.

Horrez gain, FAS zine klubak ematen duen 2.000 euroko saria Zazpi T'erdi kolektiboaren 'La vía flotante' film laburrak irabazi du, eta Unicef saria Shoki Linen 'ADAM' animaziozko filmak jaso du.

Bestalde, Zinebi 61ek eta Euskal Produktoreen Elkarteak 'Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea' izeneko bigarren zine dokumentalaren foro profesionala egin dute, Euskal Telebistaren (ETB), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiren laguntzarekin.

Bertako talentua bultzatu eta Euskadin garapen edo ekoizpen fasean dauden film luze dokumentalen ekoizpena lagundu nahi duen ekimena izan da, eta bigarren deialdira 22 proiektu aurkeztu eta zortzi aukeratu dira foroan parte hartzeko. Adituek osatutako batzorde batek eman dizkie aholkuak aukeratutako proiektuei, eta Marmoka Films-ek ekoiztu duen Amaia Nerekan Umaranen '5 minutu' proiektuari 10.000 euroko laguntza ematea erabaki du.

Zinebiren 61. edizioaren amaiera ekitaldia ostiral honetan izango da, Arriaga antzokian, 20:00etan. Sari guztiak banatuko dira eta Ohorezko Mikeldia emango zaio Márta Mészárosi; bere biloba den Cleo Ladanyi aktoreak jasoko du. Ondoren lan sarituak emango dira, eta emanaldia larunbatean errepikatuko da, arratsaldeko 18:00etan, Arriaga antzokian bertan.