Mercadonak supermerkatu berria ireki du Gernikan, sei milioi euro baino gehiago inbertitu ondoren

Gernikako Mercadona.
MERCADONA
Actualizado: jueves, 21 noviembre 2019 14:43

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Mercadona konpainiak supermerkatu eraginkor berria inauguratu du ostegun honetan Gernikan (Bizkaia), Txaporta eremuan, sei milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin ondoren. Proiektuan 26 hornitzailek hartu dute parte, eta 174 lagun aritu dira berritze fasean. Denda berria irekitzeak "kalitatezko 40 lanpostu egonkor sortzea ekarri du berekin", Mercadonako arduradunek jakinarazi dutenez.

"Denda eraginkorraren eredu berriari jarraituz, bezeroen erosketa esperientzia optimizatuz zerbitzuaren bikaintasuna sendotzeaz gain, supermerkatu berriak berrikuntza ugari dakartza, guztiontzat onuragarriak, bai 'Nagusientzat' (bezeroentzat), bai langileentzat, hornitzaileentzat eta gizartearentzat", adierazi dute.

Saltoki berriak nobedadeak ditu atal guztietan, besteak beste, akabera gune berria haragiarentzat; urdaitegi berria, urdaiazpikoa labanaz ebakitzeko eta janaria hutsean ontziratzeko aukera ematen duena; erakustoki zentrala lurrindegian, kosmetika espezializaturako; laranja zukutu berria eskaintzeko zerbitzu berria; labe sail berria, ogia xerratan mozteko makina bat eta gozogintza hoztua dituena; eta erakustoki berria arrandegian, produktu oskoldunetarako.

Halaber, Jateko Prest janari prestatuaren atal berria jarri da saltokian. Zenbait plater daude atal horretan, eta horietako batzuk pertsonalizatu egin daitezke, hala nola entsaladak, pizzak eta pasta. Gainera, material naturalekin egindako ontzietan ematen dira. Atal hori dagoeneko EAEko hamar supermerkatutan dago.

Gainera, beste zenbait hobekuntzaren artean, Gernikako supermerkatuak sarrera berria du, beira bikoitzekoa, haize lasterrak saihesteko; atsedengune bat dendan bertan, aulki eta mahaiekin, bezeroek plater prestatu berriak jan ditzaten eta edari hotzak har ditzaten; eta korridore zabalagoak, erosketako orga modelo berria, eta saski estiloko orga berria, askoz arinagoa eta ergonomikoagoa.

Denda eraginkorren belaunaldi berriko supermerkatuak 1.600 metro koadroko salmenta aretoa du, eta diseinu erabat berritua aurreko denda ereduarekin alderatuta: kolore eta material berriak ditu, bai supermerkatura sartzeko kanpoko fatxadan, bai atalen banaketan. Halaber, espazio irekien alde egiten du, argi naturala errazago sar dadin, eta kolore beroak erabiltzen ditu eremuak bereizteko.

ENERGIA AURREZPENA

Bestalde, ingurumenari dagokionez hartu diren neurriei esker, energia kontsumoa %40raino murriztuko da ohiko denda ereduarekin alderatuta: isolamendu termiko eta akustikoa hobetu da, materialak optimizatu dira, hormak eta sabaiak zabaldu dira, eta izozkailu horizontal berriak ezarri dira. Horrez gain, LED argiztapen sistema automatizatua jarri da bi saltokietan, eremuen arabera eta eguneko uneen arabera erregulatzen dena, energia askoz modu eraginkorragoan kudeatzeko.

Supermerkatua astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 09:15etik 21:15era, eta 160 auto baino gehiagorentzako aparkalekua du. Horrez gain, erosketa etxera eramateko zerbitzua ematen hasi da berriro Mercadona, bai eta erosketa sarean egiteko aukera ere, www.mercadona.es web orrian.

2018ko ekitaldiaren itxieran, Mercadonak 607 milioi euro inbertitu zituen denda eredu berria duten supermerkatuak irekitzeko eta beste batzuk egokitzeko.

MERCADONA EUSKADIN

Modu honetan, Mercadonak 19 denda ditu Euskadin (bost Gasteizen, bana Barakaldo, Basauri, Santurtzi, Berango, Leioa eta Gernikan, hiru Bilbon, bana Irun, Eibar, Oiartzun, Donostia eta Elgoibarren), eta 1.800 langile, kalitateko enplegu egonkorrarekin.

Gasteizko bloke logistikoaren bigarren fasea eraikitzeari ekin dio orain konpainiak. Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Kantabria eta Burgosko supermerkatuak hornituko ditu bloke logistiko horrek, eta 56 milioi euroko inbertsioa egin du bertan 2018an; horri esker, izoztuen eremua martxan jarriko du, ogia egiteko instalazio bat eraikiko du eta produktu lehorretarako nabe berri bat egingo du, erabat automatizatua.

Halaber, Mercadonak 442 milioi euroko erosketak egin zizkien euskal hornitzaileei 2018an, aurreko urtean baino %4,5 gehiago, eta 73,5 milioi euroko inbertsioa egin du. Azkenik, enpresaren erantzukizun sozialaren barruan, Euskadiko zenbait gizarte erakunderekin lankidetzan, premiazko produktuen 921 tona eman ditu. Gainera, laguntza eman die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagai bankuei eta Gasteizko Babesgabetuen Andre Maria jangela sozialari.