Oiartzunen jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa, igandean

Arrasateko finalerdiko irudia.
BERTSOZALE
Actualizado: martes, 19 noviembre 2019 15:55

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa jokatuko da datorren igandean, azaroaren 24an, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, eta Beñat Gaztelumendi, Iñigo Mantzizidor, Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Asier Azpiroz eta Ane Labaka ariko dira kantuan. Lehen finalerdia Arrasaten jokatu zen, joan den igandean.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Oiartzungo saioko aurkezle lanak Inaxio Usarraldek egingo ditu, eta Aitor Gereñu, Eneritz Azkue, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga izango dira epaimahaiko kideak. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna eta Gorka Segurola ariko dira.

Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Finalaurrekoetako saioetan bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira: binaka, gaia emanda, hamarreko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean eta, aurrez agortzen ez
badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira igandean bertan, 16:00etatik aurrera.