Publizitate programatikoa euskaraz egitea ahalbidetuko duen produktu berria aurkeztu dute

- IREKIA

Actualizado: miércoles, 18 septiembre 2019 11:22

Eusko Jaurlaritzak, EiTBk eta Tokikomek 'Euskal Private Market Place' abiatu dute

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, EiTBk eta Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak 'Euskal Private Market Place' publizitate programatikoa euskaraz egitea ahalbidetuko duen produktu berria aurkeztu diete asteazken honetan euskal hedabideetan iragarkiak jartzen dituzten publizitate agentzia eta iragarleei.

Euskal PMP publizitate espazioak erosteko "azoka" moduko bat da, euskarazko edukietan espezializatua, eta nahi duten euskarazko hedabide guztiek hartu ahal izango dute parte. Azpiegitura berriak "orain arte itxita zeuden ateak irekitzen ditu euskarazko komunikabide digitaletan publizitatea askoz ere modu erraz eta eraginkorragoan egin ahal izateko", EiTBren Bilboko egoitzan egindako ekitaldian nabarmendu dutenez.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailetik, EiTBtik eta Tokikometik abiatu da ekimena, Smart AdServer enpresaren laguntza teknikoarekin, eta zabalik dago euskarazko komunikabideek zein era guztietako agentzia eta iragarleek parte hartzeko.

Asteazken honetako jardunaldia Euskal PMP azaldu eta testuinguru egokian kokatzeko baliatu da. Alex Rayon Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak publizitate programatikoa zer den azaldu du, Iraitz Elgezabal Tokikomeko zuzendari komertziala euskarazko hedabide digitalen egungo egoeraz mintzatu da, eta Juan Manuel Alvarez Smart AdServer enpresako country managerrak PMPk nola funtzionatzen duen eta dituen abantaila eta ezaugarriei buruz aritu da.

Halaber, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskal PMP proiektuaren helburuak azaldu ditu, eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia proiektuaren jatorriaz eta garrantziaz aritu da.

Saioan azaldu dutenez, Internetek iraultza handia ekarri du kazetaritzarekin lotutako alderdi guztietara, eta publizitatea ez da aldaketa horretatik libratu. Publizitate klasikoan, iragarleek hedabidearen arabera erosten zituzten iragarkiak jartzeko espazioak.

Komunikabide digitalen etorrerarekin logika hori erabat aldatu da. Orain, Internetek ahalbidetzen duen erabiltzaileen jarraipenari esker, iragarleek erabiltzaile tipologiaren arabera erosten dituzte espazioak, eta ez hedabidearen arabera. Erabiltzailearen araberako espazio salmenta horiek 'publizitate programatikoa' delakoaren bidez egiten dira, eta webguneen argitaratzaileek azoka birtual moduko batzuetan jartzen dituzte haien publizitate espazioak.

Interneteko iragarki edo 'banner' bakoitzaren prezioa oso txikia izaten denez, azoka birtual horiek oso bolumen handietan dihardute derrigorrez, milioika ikustaldi eta klik dituzten webguneekin. Testuinguru horretan, alde batetik, euskarazko hedabideak, banaka hartuta, txikiegiak dira errentagarriak izateko, eta, bestetik, ez dago modurik iragarkien beraien hizkuntza bereizteko. Biak ala biak eragozpen handiak dira euskara hutsez funtzionatu nahi duten komunikabideentzat.

Aldi berean, publizitate agentzientzat programatikoa oso funtzionamendu erosoa denez, gero eta publizitate gutxiago kontratatzen dute zuzenean komunikabide digitalekin, eta negozio osoa programatikako azoka automatiko horietara bideratzen ari dira. Euskarazko hedabideek orain arte ez dutenez izan azoka horietan parte hartzerik, pixkanaka-pixkanaka batere publizitaterik gabe geratzen ari ziren.

KONPONBIDE BILA

Arazo horretaz jabetuta, Tokikom EiTBren sail komertzialarekin bildu zen duela urtebete. EiTBk ere arazo berbera zuen euskarazko publizitatea kanal programatikoen bidez jasotzeko, eta konponbide bat bilatzeko erronka bere egin zuen.

Hartara, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari Euskal PMParen nondik norakoak azaldu ondoren, proiektua bultzatzea eta horren aldeko apustu garbia egitea erabaki zuten, Jaurlaritzak azken hilabeteotan euskarazko komunikabideekin daraman elkarlan politikaren barruan, eta uda aurretik adostutako finantzazio eredu berriaren osagarri.

Horrela, Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoari esker, publizitatea saltzeko azoka espezializatu bat sortu da: 'Euskal Private Market Place' delakoa, euskarazko hedabide digitalen publizitate espazioa haren bidez eskaintzeko iragarleei.

'Marketplace' edo azoka horren garapen teknikoa EiTBk berak eta Forta erakundeko zein euskarazko hainbat komunikabidek erabiltzen duten Smart enpresak egin du, Jaurlaritzaren finantzazioari esker. Smart eragile ezagun eta garrantzitsua da publizitate programatikoaren munduan, eta horrek berme gehigarria ematen dio proiektuari.

Gainera, Euskal PMP teknikoki bateragarria da komunikabideek publizitatea argitaratu eta kudeatzeko erabiltzen duten sistema ezberdinekin, eta iragarleek eta publizitate agentziek erabiltzen dituztenekin.

"AURRERAPAUSO GARRANTZITSUA"

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik "euskara ingurune digitalean ere estandarizatzeko aurrerapauso garrantzitsu gisa" jo dute proiektua, eta horregatik konpromisoa hartu dute egitasmoaren kostuak urtebetez finantzatzeko, sistema sendotu eta modurik eraginkorrenean konfiguratu bitartean.

Horrela, euskarazko komunikabideek programatikako azokatan parte hartu ahalko dute, erdarazko publizitatea onartu beharrik gabe, eta iragarleek, berriz, askoz errazago izango dute euskarazko publizitatea egitea, beste hizkuntza batzuetan erabiltzen dituzten tresna estandar berberak erabiliz.

Tresnaren alderdi teknikoa prest dagoela, hura erabili eta ondo aprobetxatzeko deia egin diete EiTB, Jaurlaritza eta Tokikomeko arduradunek iragarle eta agentziei, euskarazko publizitate gehiago egin eta Euskal PMP berria baliatzen hasteko, eta euskarazko komunikabideei, beren publizitate espazioak ere azoka berrian eskaintzeko.