Sprilurrek eta Industrialdeak sozietateek 6,7 milioi euroko lizitazioak egin dituzte urteko lehen seihilekoan

- SPRI

Actualizado: lunes, 22 julio 2019 11:59

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

SPRI Taldean integratutako eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako Sprilur Taldeak eta Industrialdeak sozietateek 6,7 milioi euroko lizitazioak egin dituzte 2019ko lehen seihilekoan, epealdi horretarako aurreikusitako inbertsioak bideratuko dituzten obrak eta zerbitzuak kontratatzeko. Zehazki, aurten hamar lehiaketa argitaratu dira: zazpi esleipen prozesuan daude (4.608.807 euro), bukatuta dagoelako eskaintzak aurkezteko epea, eta beste hirurak esleituta daude (2.143.226 euro).

Hain zuzen, alde batetik, Sprilurrek 2.092.226 euroko balioa duten hiru lehiaketa argitaratu ditu Ortuellako Ballonti industrialdeko B eraikinean sei pabilioi berri eraikitzeko eta instalazio horietako klimatizazio sistema berritzeko geotermia erabiliz, eta Gasteizko Azucarera eraikinerako mantenimendu zerbitzuak esleitzeko.

Bestalde, Arratiako Industrialdeak, Ibaizabal Behekaldeko Industrialdeak, Goierri Beheko Industrialdeak eta Bidasoa Oarsoko Industrialdeak 4.659.807 euroko obrak egiteko eta zerbitzuak emateko lehiaketak argitaratu dituzte. Jasotako proposamen guztiak aztertu eta esleitu ondoren, sozietate horien helburua izango da proiektuak idaztea, obrak zuzentzea eta urbanizazio lanak gauzatzea hainbat industrialdetan, hala nola Arteako Bildosolan, Zamudioko Pinoan, Lazkaoko Kanpandegin eta Irungo partzela batean.

SPRI Taldeko iturriek jakinarazi duenez, zifra horien arabera, Sprilurren eta Industrialdeak sozietateen lizitazio bolumena iaz baino %56 handiagoa izan da 2019an. Gainera, Sprilurrek 7,75 milioi euroko inbertsioak egin ditu lurzorua erosteko (55.700 metro koadro Bizkaian eta 9.719 metro koadro Gipuzkoan), espazioak birgaitu eta balioan jartzeko.

"Zentzu horretan, erakundeek azpiegitura industrialetan proiektuak garatzeko egiten duten inbertsioa suspertu izanak erakusten du badagoela interesa aurrea hartzeko enpresen balizko espazio beharrari edo eskaerari, erabiltzen ez diren guneak birgaitu eta berreskuratzeko eta, funtsean, enpresa eta ekonomia jarduera bultzatzeko eta dinamizatzeko" nabarmendu dute.