Surfaren Hirien Munduko Sarea Donostian bilduko da asteazkenetik ostiralera

Surfaren Hirien Munduko Sarea Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: martes, 20 noviembre 2018 18:44

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

Surfaren Hirien Sareak (World Surf Cities Network) nazioarteko topaketa egingo du Donostian asetazkenetik ostiralera, azaroaren 21etik 23ra, eta sarea osatzen duten mundu osoko 12 hirietako ordezkariek bilduko ditu. Sarean parte hartzen duten hiriak abian jartzen ari diren proiektuak eta lan egiteko moduak partekatuko dira bertan. Gainera, munduko adituek eta bost kontinentetako surf arloko enpresek, ekintzaileek eta profesionalek parte hartuko dute.

Surfaren Hirien Munduko Sarea aberastasuna sortzeko jarduera bezala surfa garatzeko estrategia duten hirien arteko lankidetza sarea da. Europako, Amerikako, Afrikako eta Ozeaniako 12 hirik osatzen dute. Tokiko lehiakortasuna hobetu eta surfaren sektorean berrikuntza irekiaren bidez enplegua sortu nahi dute hiri horiek.

Orain arte, Gold Coast (Australia), Santos (Brasil), Durban (Hegoafrika), Ericeira eta Viana do Castelo (Portugal) eta Arica (Txile) hirietan egin dira urteko bilerak, eta sareko kideak Donostian bilduko dira aurten, surfean aritzen diren eta ekitaldian izango diren nazioarteko enpresekin harremanetan jartzeko aukera eskainiko dieten jardunaldien esparruan.

Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak adierazi duenez, "Donostia buru duen Surfaren Hirien Munduko Sarea eratu eta zazpi urtera bilduko gara, urtero bezala, baina oraingoan anfitrioi gisa. Proiektuan parte hartzen duten hirien kopuruak gora egin du, hasierako bostetik egungo hamabira, eta laster hamahiru ere izango dira, egunotan Txileko Viña del Mar hiria kide egingo baita. Sarearen helburu nagusia da surfaren negozioaren inguruan ezagutza transferitzea eta surfak gure hiri eremuetan sortzen duen negozio eredua lantzea".

PARTE HARTZAILEAK

Aurten, hiri hauetako ordezkariak izango dira topaketan: Arica (Txile), Santos (Brasil), Montañita (Ekuador), Huanchaco (Peru), Donostia, Durban (Hegoafrika), Lacanau (Frantzia), Gold Coast (Australia), New Plymouth (Zeelanda Berria), Viña del Mar (Txile), Mafra (Portugal) eta Viana do Castelo (Portugal).

Nazioarteko Biltzarra asteazkenean egingo da, Miramar jauregian, eta Jim Houghton Surfline-ko salmenten zuzendari eragileak parte hartuko du. Surfline surfean espezializatutako munduko komunikabide digitalgarrantzitsuenetako da, eta hilero 1,7 milioi bisita baino gehiago ditu.  Ondoren, sareko hiriek sektore ekonomiko garrantzitsu bezala surfaren garapeneko estrategien berri emango dute.

Arratsaldean, berriz, Gipuzkoan sektorean puntakoa den enpresetariko bat bisitatuko dute: Wave Garden. Enpresak Aizarnazabalen duen erakusketa zentrora joango dira parte hartzaileak. Halaber, Donostiako Pukas enpresako Hurley zentroko instalazioak ikusteko aukera izango dute, Zurriolako hondartzaren ondoan.