Tesiker datu baseak euskarazko 550 doktorego tesi biltzen ditu dagoeneko

Miren Dobaran eta Kepa Sarasola.
UEU
Actualizado: jueves, 12 diciembre 2019 13:24

Ataria berritu dute Jaurlaritzak eta UEUk eta bilaketa aurreratuak errazago egiteko aukera eskaintzen du orain

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean 2007an abiaturiko Tesiker datu baseak euskarazko 550 doktorego tesi biltzen ditu dagoeneko, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak ostegun honetan iragarri dutenez.

Tesiker datu basea "aurpegia berrituta" aurkeztu dute Dobaranek eta Sarasolak, Donostian egindako prentsa agerraldian. Besteak beste, bilaketa aurreratuak errazago egiteko aukera eskaintzen du orain atari berriak.

Euskarazko doktorego tesien datu basea 2007. urtean abiatu zuen Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, UEUren laguntzarekin. Euskaraz aurkeztutako doktorego tesi guztiak bildu eta eskuragarri jartzea zen asmoa, eta urterik urte edukiz hazten doan datu basea da.

Horrela, urriko datuen arabera, euskarazko 550 doktorego tesiren erregistroa dago bertan. Bi erakundeetako arduradunek azpimarratu dute tesiak "gizarte baten berrikuntzaren neurgailu kualitatiboak" direla, eta, euskararen kasuan, azken 40 urteetan egon den bilakaera "ikaragarria" izan dela. "Tesi bakoitza bere horretan ekarpen garrantzitsua bada ere, guztiak batera corpus batean biltzeak oraindik garrantzia handiagoa du", gaineratu dute.

Tesiker datu baseak UEUk kudeatzen duen Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu basean du abiapuntu. Euskal Herriko unibertsitate guztietan edo euskal produkzioa dutenetan (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Paueko eta Bordeleko unibertsitateak) euskaraz aurkeztutako tesien erreferentziak osotasunean biltzen dituen informazio iturri publiko bakarra da Inguma.

Bere helburua da euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa (idatzizkoa zein ahozkoa) jasotzea (unibertsitatea mailakoa eta euskaraz) eta denon eskura jartzea da.

Ildo horri jarraituz, euskarazko goi mailako ekoizpena sustatzea, euskal komunitate zientifikoa trinkotzea eta sarea euskarazko goi mailako edukiekin hornitzea ditu helburu nagusi Tesiker datu baseak. Hasieran, euskarazko doktorego tesiak euskarri elektronikoan (PDF formatuan) argitaratu eta sareratzea zen asmoa, euskarazko ekoizpenaren sustapenerako eta komunitate zientifikoaren trinkotzerako izan zezakeen garrantziagatik; 1976 urtean lehen euskarazko tesia aurkeztu zenetik aurkeztutako tesi guztiak biltzea, hain zuzen ere.

2014. urtetik aurrera, unibertsitateak tesi lanak beraien gordailu publikoetan argitaratzera behartuta daude eta, beraz, euskarazko doktorego tesien datu baseak tesi horien esteka atzitu eta tesi lanaren metadatuen bilketa mantentzen du.

URTERO 50-60 TESI BERRI

Gaur egun, Inguma datu basean 763 tesi lan daude katalogatuta, eta horietatik 550 euskarazko doktorego tesien datu basean eskura daitezke. Beraz, euskarazko tesien %70 inguru dago eskuragarri Tesiker datu basean, eta, nahiz eta tesi zaharrenak eskuratzea zailagoa izaten den, helburua ahalik eta gehienak biltzea da. Urtero 50-60 tesi berri sartzen dira bertan.

Oraindik ere, Giza eta Gizarte Zientzien arloko lanak gailentzen direla ikus daiteke, %55,56 baitira. Hala ere, aipatu dute azken urteetan joera aldatu egin dela: orokorrean Zientzien adarretako tesiak goraka egin dute, nabarmentzekoa Osasun Zientzietako lanek 2009-2019 urteen tartean %77ko igoera izan dutela, 1976-2008 urteetako lan kopuruekin alderatuz.

2000. urtera arte tesi egileen gehiengoa gizonezkoa zen, baina urte horretatik aurrera orekatu egiten da eta 2014. urtetik hona emakume gehiagok aurkezten dute tesia euskaraz.

Doktorego tesi bakoitzaren inguruko hainbat datu daude Tesiker datu basean: izenburua, egilea, zuzendaria(k), unibertsitatea, fakultatea, saila, kakintza arloa, SHU, urtea, ISBN (dagoenean), laburpena (euskaraz, ingelesez), elebidunen ezaugarriak (hizkuntza, orriak) zein .pdf dokumentura esteka. Azken aldaketekin, gainera, bilaketa aurreratuak errazago egiteko aukera izango da, adibidez, egilearen, izenburuaren, urtearen, deskriptoreen edota unibertsitate zein jakintza arloen arabera.