Udan zehar 309.233 pertsona izan dira Gaztelugatxen

Elena Unzueta
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: martes, 16 octubre 2018 14:44

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Gaztelugatxera 309.233 pertsona joan dira ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak bildutako datuen arabera. Horrenbestez, iazko aldi beraren aldean %2,94 gehitu da bisitarien kopurua. Gehikuntza hori gorabehera, foru erakundeak bisitarien sarrera kontrolatzeko sistemak jarri izanaren ondorioz "gehiago eta hobeto" erregulatu dira pertsona fluxuak, ilara gutxiago sortu dira eta hobetu egin da Gaztelugatxeko bisitaren esperientzia, Elena Unzueta Bizkaiko Aldundiko bozeramaile eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak adierazi duenez.

"On line txartelaren sistema ezarrita eta, aldi berean, Biotopo babestura sartzeko guneetan sarrera horiek emateko sistemarekin, pertsonen iritsiera eta sarrera era mailakatuan egitea lortu dugu. Ekaina eta iraila artean, 17 jardunalditan gainditu dugu aurkeztu genuen proposamenean ezarritako 4.000 pertsonen kopurua. Bisitaririk gehien izan zen eguna abuztuaren 15a izan zen, 6.159 pertsonarekin. Beste 16 egunetan ozta-ozta gainditu zen Gaztelugatxe moduko ezaugarriak dituzten esparru babestuetarako Europarc erakundeak jartzen duen erreferentziako 4.000 pertsonako kopurua", azaldu du.

Halaber, foru erakundeko bozeramaileak azpimarratu du tokira joan diren hamar pertsonatik lauk euren on line txartela atera dutela. "Hain denbora motzean ratio horretara heltzeak argi erakusten du sistema finkatzen ari dela", gaineratu du.

Gaztelugatxera jende gehien joan den hilabeteak abuztua eta uztaila izan dira, 133.100 eta 80.909 bisitarekin hurrenez hurren, baina udan zehar izandako gehikuntzarik handiena ekainekoa izan da, %35,93 gehitu baita bisiten kopurua, 28.630 pertsonara iritsi arte. Abuztuan, aldiz, %7,07 jaitsi da Gaztelugatxera hurbildu diren pertsonen kopurua.

Bisitarien jatorriari dagokionez, %60,98 Espainiako Estatuko lurraldeetatik heldu dira, %24,11 beste herrialde batzuetatik eta %14,90 EAEtik bertatik. EAEko bisitarien artean, bizkaitarrak dira gehienak (%65,20), eta Estatuko pertsonen artean katalanak (%22,86), madrildarrak (%15,22), andaluziarrak (%10,60) eta valentziarrak (%10,47).

Gaztelugatxek mundu osoko 65 herrialdetako pertsonen bisitak jaso ditu, baina %80 hamar herrialdetatik datoz, hurrenkera honetan: Frantzia, Italia, Alemania, AEB, Erresuma Batua, Holanda, Belgika, Argentina, Errusia eta Irlanda.

HURRENGO JARDUKETAK

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak prestatutako proposamenari hainbat eragilek ekarpenak egiteko bilketa prozesua aurrera doan bitartean, foru erakundeak Gaztelugatxeko bisitaren esperientzia hobetzeko pausoak ematen jarraitzen du.

Ildo horretan, Bizkaiko Aldundia orain hiru arlo lantzen ari da. Alde batetik, oinezkoentzako pasealeku bat markatu nahi du Bakiotik Matxitxakoko itsasargiraino, Gaztelugatxetik ere igarota.

Bestalde, adimen artifizialaz lagundutako audio giden sistema prestatu nahi du. Sistema horrek ahalbidetzen du Gaztelugatxera doan pertsonak kontakizun bat entzuteko aukera bisitan zehar garrantzia duten zenbait gunetan, gailu mugikorra erabiliz (smartphone edo tableta). Sistema hori web orri batean oinarritzen da, handik eskaintzen baita kontakizun hori, hainbat hizkuntzatan.

Hirugarrenik, foru erakundea aztertzen ari da Gaztelugatxerako sarreraren autobalidaziorako eta informaziorako elementuak jartzea sarrera guneetan. Sistema horrek sarrera guneetan bisitari ilarak sortzea saihestuko luke eta kontroleko langileak askatuko lituzke beste lan batzuetan jardun ahal izateko, esaterako, bisitariei informazioa ematen bisitaren gako diren elementuei buruz, gorabeherak kudeatzen edota tiketik gabe joaten direnei arreta ematen.