21 de febrero de 2020
17 de Urtarrila de 2020

Urruzunotarrak Gehituz literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea otsailaren 28ra bitarte dago zabalik

Urruzunotarrak Gehituz literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea otsailaren 28ra bitarte dago zabalik
IREKIA - ARCHIVO

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ireki du 2019-2020 ikasturteko Urruzunotarrak Gehituz euskarazko literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea, eta otsailaren 28ra bitarte aurkeztu ahal izango dira poesia edo prosazko lanak.

Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zen lehiaketa, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko, eta gazteok euskara beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko tresna gisa lantzeko helburua bere eginda.

"Ordutik, Urruzunotarrak Gehituz erreferentziazko lehiaketa bihurtu da euskal kulturaren eremuan, eta garaile izan diren hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren sinadurak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultur sormenarekin loturiko beste edozein esparrutan", adierazi dute Hezkuntza Sailetik.

Horrela, lehiaketara literatur lanak aurkezteko epea otsailaren 28ra bitarte dago zabalik (egun hori barne). Bi kategoria bereiziko dira, ikasleen ikasmailaren arabera: A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari direnentzat, eta B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat.

Literatur lanek originalak izan behar dute, eta lehiaketa honetan izena emateko epea itxi arte bestelako literatur saririk irabazi gabeak. Lanak euskaraz sortuak izango dira, poesiaz zein prosaz, eta gaia librea izango da. Lehiaketaren oinarriak xeheago, eta parte hartzeko orria argitaratuta daude honako esteka honetan: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/urruzunotarrakg...

Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratu eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: hamar lan kategoria bakoitzeko (bost prosa lan eta bost poesia lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lan guztiekin Sagastiberri sailean, eta ondoren Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietan banatuko du.

Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko irizpideok izango ditu kontuan epaimahaiak: sorkuntza eta irudimena, testuaren literatur ezaugarriak, idazlanaren arintasuna eta lotura, eta hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna.

LITERATUR EGONALDIA

Lan sarituen egileek bost eguneko literatur egonaldi batean parte hartzeko aukera izango dute. Egonaldian, literatur lantegiak eta idazketarekin nahiz literatur sormenarekin zerikusia duten bestelako hainbat jarduera burutuko dituzte, une oro zenbait euskal idazleren laguntzarekin.

2018-2019 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako ikasleen 175 literatur lan aurkeztu ziren Urruzunotarrak Gehituz lehiaketara. Irabazleek bost eguneko egonaldia egin zuten Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean, Yolanda Arrieta, Jon Martin, Fernando Morillo edo Itxaro Borda lagun zituztela, besteak beste.

Hezkuntza Sailak 1986an lehen aldiz banatu zituen Urruzuno literatur sarien oinordeko zuzena da Urruzunotarrak Gehituz literatur lehiaketa. Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea helburu izan duen ekimena 35. ediziora iritsi da 2019-2020 ikasturtean. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatur lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte.

Gainera, azken hamarkadetako jardunak ondo frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan zein zinemarako gidoigintzan. Dagoeneko 500dik gora dira ekimenak saritu dituen "urruzunotarrak", eta zerrenda horretan izenak "gehituz" doaz, urtez urte.