Zazpi piroteknia ariko dira Bilbo Hiria Su Artifizialen XXIX. Nazioarteko Lehiaketan

- BILBOKO UDALA - Archivo

Actualizado: lunes, 22 julio 2019 12:06

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Zazpi piroteknia lehiatuko dira Bilbo Hiria Su Artifizialen XXIX. Nazioarteko Lehiaketan, abuztuaren 17tik 23ra, Ikusleen Saria eta Epaimahaiaren Saria lortzeko. Vulcano (Espainia), Brezac Artifices (Frantzia), Caballer FX (Espainia), Fully Fused Fireworks (Erresuma Batua), Pirotecnia Zaragozana (Espainia), Macedos (Portutal) eta Xaraiva (Espainia) dira lehian izango diren zazpi pirotekniak.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, batez beste 100.000 ikusle baino gehiago biltzen dituzte gauero su artifizialen ikuskizunek, "Aste Nagusiko ospakizunetatik ondoen baloratzen denetako bat" izanik. Itsasadarreko ezkerreko bazterra gomendatzen du udalak su artifizialak ikusteko, Nafarroa kaletik Uribitarte pasealekura, hori baita gauetan piztuko diren ikuskizunak ondoen ikusteko gunea.

Zehazki, abuztuaren 17an Vulcano piroteknia ariko da, 18an Brezac Artifices, 19an Caballer FX, 20an Fully Fused Fireworks, 21ean Pirotecnia Zaragozana, 22an Macedos eta 23an Xaraiva. Abuztuaren 24an, Astondoa pirotekniak erakusketako ikuskizuna emango du. Saio guztiak gaueko 22:30ean hasiko dira.

SARIAK

Bilboko Udalak lehiaketan parte hartzeko aukera ematen die herritarrei, ikuskizunik gogokoenari botoa emanez. Horrela, bada, herritarrek euren botoa igorri ahal izango dute formula hauetakoren bat erabiliz: 'Bilbao Aste Nagusia 2019' mugikorrerako aplikazioaren bidez edo abuztuaren 17tik 23ra 'El Correo' egunkarian argitaratuko diren parte hartze kupoien bitartez. Parte hartzen dutenek lehiaketaren babesleek emandako sariak irabazteko aukera izango dute.

Halaber, lehiaketako epaimahaiak Aste Nagusiaren azken egunean jakinaraziko du nor den irabazlea. Epaimahaiko presidentea Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia izango da eta idazkaria Alberto Ruiz de Azua Jaien Saileko zuzendaria. Euskalteleko kide bat, Bilboko Konpartsetako bi, Zazpi Kaleetako Dendarien Elkarteko bat, El Corte Ingles-eko bat eta 'El Correo' egunkariko bat izango dira beste kideak. Gainera, aholkulari lanetan arituko dira Astondoa Piroteknikako Izaskun Astondoa, PenDragon Fireworks & Pyrotechnichs-eko Jon Mellen nazioarteko aditua eta Joseba Rosales Aste Nagusiko programazioko koordinatzailea.

Erabakia hartzeko orduan, epaimahaiak zenbait elementu izango ditu kontuan: aire espazioaren okupazioa; purutasuna, intentsitatea, distira eta koloreen iraunkortasuna; eta aniztasun kromatikoa, argitasuna, dimentsioak, diseinu eta formen perfekzioa, dotoretasuna, efektuen aniztasuna, sonoritatea, inguruarekiko konjuntzioa, originaltasuna, erritmoa eta onarpena jendearen partetik.