Anjel Lertxundi Miami Book Fair azokan izango da, larunbatean

Anjel Lertxundi.
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA

Actualizado: viernes, 22 noviembre 2019 15:07

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Miami Dade College unibertsitateak antolatzen duen Miamiko Book Fair liburu azoka igandera arte ospatuko da, eta, urtero bezala, euskal literatura ordezkatuta egongo da, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Aurtengo edizioan, Anjel Lertxundi idazle oriotarra izango da bertan, bi solasalditan parte hartzeko, larunbatean, azaroaren 23an.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, Lertxundik parte hartuko duen lehenengo solasaldia 'Protagonistas en Épocas Difíciles' izango da. Wendy Guerra idazle kubatarrarekin eta Inma López Silva idazle espainiarrarekin partekatuko du hitza Orioko idazleak, eta bakoitzak bere lan bat aurkeztuko du.

Hain zuzen, Lertxundik 2015an argitaratutako 'Zu' eleberria eramango du, gaztelerara 'Tú' izenez itzulia; gaixotasunari eta heriotzaren ezinbestekotasunari buruzko kontakizun intimista. Guerrak, bestalde, 'Historia de un mercenario que coleccionaba obras de arte' eleberria aurkeztuko du, Latinoamerikako alderdi ezkertiarrei aurka egin zieten etsaien ikuspegi bat eskaintzen duen lana; eta López Silvak, azkenik, bost emakumek kartzelan bizitako esperientzia kontatzen duen 'Los días iguales de cuando fuimos malas' aurkeztuko du.

Horrez gain, Cuatrogatos fundazioak antolatuta larunbatean bertan egingo den IV. Haurrentzako Literatura eta Irakurketa Mintegian, mahai inguruetako batean hartuko du parte Orioko idazleak. Saioaren izena 'Por qué y para qué de los libros para niños y jóvenes' izango da, eta haurrentzako eta gazteentzako literaturaren beharrari buruz eztabaidatuko du Lertxundik, Socorro Venegasekin (Mexiko), Ramón Parisekin (Venezuela) eta Fanuel Hanán Díazekin (Venezuela) batera.

Miami Book Fair AEBetako liburu azokarik handiena da. Nazioarteko 300dik gora idazle gonbidatzen dituzte bertara liburuen aurkezpenak, hitzaldiak edota mahai inguruak egitera. Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, euskal idazleek ere erreferentziazko azoka honetan parte hartzeko aukera dute.