Arrazakeria eta LGTBI fobiarik gabe "feminismotik eta euskaraz" bizi nahi dutela aldarrikatuko dute abenduaren 10ean

Jardunaldiaren kartela.
HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BEHATOKIA
Actualizado: jueves, 5 diciembre 2019 12:20

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

Harro! euskal herrietako transmaribollo plataformak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak jardunaldia antolatu dute arrazakeria eta LGTBI fobiarik gabe "feminismotik eta euskaraz" bizi nahi dutela aldarrikatzeko. Topaketa abenduaren 10ean izango da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean, 11:00etan.

Erakundeok salatu dutenez, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zela 71 urte betetzen direnean, oraindik aldarrikapen horietako hainbat eskubide urratzen dira gaur egun. Halaber, kritikatu dute ez direla dagozkien neurri egokiak hartzen eskubideok bermatzeko eta, aurrerapenak eman badira ere, "atzerapausoak edo babes gabe uzten gaituzten lege zaharkituen ondorioak noiznahi pairatzen ditugu".

"Saltzen diguten berdintasun hutsala urraketa horiek estaltzen saiatzen da. Baina gizarte honek ez ditu oraindik barneratu giza eskubide guztien errespetua eta bermatzea maila berdinean eta era integral batean", ziurtatu dute.

Horrela, eskubideen esparruko eremu ezberdinetan lan egiten duten kolektibook bat egin dute "gure herria eta gure gizartea eraikitze bidean, gizaki guztiak sortzen baitira libre, jaiotzez baikara berdinak duintasunean eta eskubideetan". "Giza eskubideak denonak dira, eta eskubide horiek osagarriak, banaezinak eta elkarren mendeko direla adierazi nahi dugu", azaldu dute.