Atzerriko unibertsitateetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa egingo da Gasteizen

- EHU

Actualizado: jueves, 19 septiembre 2019 12:27

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako Errektoreordetzak eta Etxepare Euskal Institutuak prestakuntza ikastaro bat antolatuko dute atzerriko unibertsitateetan eta goi mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratuta. Ikastaroa urriaren 4tik azaroaren 30era izango da, EHUko Gasteizko campusean.

Ikastaroaren helburuak dira lanerako estrategia eraginkorra proposatzea euskara atzerriko hizkuntza gisa ezagutu eta eskuratzearen inguruan; euskararen berezitasunak eta espezifikotasuna testuinguru elebakarretan edota eleanitzetan; alderdi soziokulturaletan eta balioetan sakontzea, euskara bitarteko hartuta; eta atzerritarrei euskara irakasteko eta horiek euskara ikasteko prozesuetako trebetasunak eta gaitasunak optimizatzea IKTak eraginkortasunez erabiltzearen bidez.

Antolatzaileek adierazi dutenez, euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea izan dute helburuetako bat. Ildo horretan, irakurleek lekuan bertan dituzten berariazko premiak kontuan izanik diseinatu du prestakuntza, eta atzerriko unibertsitateetan eta goi mailako zentroetan gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziatuei edo graduatuei zuzenduta dago.

"Bi erakundeon artean sinatu dugun lankidetza hitzarmenari esker prestakuntza hori proposamen zehatzen bidez gauzatu ahal izango dugu. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntza, didaktika, metodologia nahiz kultura ardatz hartuta", azaldu dute.

Gehienez 40 lagunek egin ahal izango dute ikastaroa, eta gutxienez 23k. Urriaren 4tik azaroaren 30era izango da, ostiraletan 16:00etatik 20:20ra (20 minutuko atsedenarekin) eta larunbatetan 09:00etatik 13:20ra (20 minutuko atsedenarekin). Bertaratzea ezinbestekoa izango da, eta ez bertaratzeen zenbatekoak ezingo du gainditu ikastaroaren iraupenaren %15, ez bertaratzeko arrazoia edozein delarik ere.

Matrikularen zenbatekoa 350 euro da eta gastu akademikoak eta material didaktikoa hartuko ditu barne. Matrikula sarean egin ahal izango da, urriaren 1era bitarte (www.ehu.eus, www.etxepare.eus). Ikastaroko parte hartzaileak izen-ematea (bankuko ordainagiri eta guzti) gauzatutako ordenari jarraiki hautatuko dira.