Behin behineko udaltzain eta udaltzain laguntzaile izateko lan poltsa bana sortuko du Arkautiko Akademiak

Udaltzaingaiak ikastaroaren hasiera ekitaldian.
IREKIA - Archivo

Actualizado: martes, 12 noviembre 2019 11:36

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

Estefanía Beltrán de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak iragarri du behin behineko udaltzain nahiz udaltzain laguntzaile izateko lan poltsa bana sortzeko asmoa duela Poliziaren eta Larrialdien Arkautiko Akademiak. Lan poltsok osatzeko baldintzak eta epeak berehala argitaratu eta jakinaraziko ditu Arkautiko Akademiak.

Udaltzaingorako 337 izangaien (66 emakume eta 271 gizonezko) prestakuntza ikastaroa hasteko Arkautiko Akademiako ekitaldian parte hartu du astearte honetan Beltrán de Herediak, eta bertan egin du iragarpena. Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak eta Segurtasun Saileko beste kardugun batzuek ere parte hartu dute ekitaldian.

Izangai guztien artetik, Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan 34 udalerritako plazak betetzeko egindako hirugarren lan eskaintza bateratuko deialdikoak dira 306 (64 emakume eta 242 gizonezko), eta gainerako 31 (2 emakume eta 29 gizonezko) beste bost udalek egindako hautaketa prozesuetakoak.

Udaltzainak hautatzeko prozesuari ekainean ekin zitzaion, BECen egin ziren azterketekin, eta 2.585 pertsonak parte hartu zuten. Orain, proba teorikoak eta fisikoak, elkarrizketak eta zerbitzuen eta merituen balorazioak egin ondoren, hautatuak izan direnek zazpi hilabeteko prestakuntza ikastaroa egingo dute Arkautiko Akademian, eta, ondoren, 12 hilabeteko praktikaldia euren norakoetan.

Udaltzain berriak Ertzaintzako 28. Promozioko 660 izangaiekin elkartuko dira. Izangai horiek irailetik ari dira bederatzi hilabeteko prestakuntza ikastaroa egiten, eta maiatzean jasoko dituzte egiaztagiriak.