Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 7,8 milioi inbertituko ditu Galindoko araztegi desodorizatzeko proiektu pilotu batean

Galindoko hondakin uren araztegia
Europa Press
Actualizado: jueves, 17 enero 2019 14:17

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Sestaon (Bizkaia) dagoen Galindoko hondakin uren araztegiko tratamendu biologikoa estali eta desodorizatzeko proiektua onetsi du. Obraren lizitazio publikoa urtarrilean argitaratuko da, eta 7.853.976 euroko aurrekontua eta 24 hilabeteko egikaritze epea izango ditu. Araztegiko eremu horretako eragin bisuala eta usainak murriztea izango du xede proiektuak, eta obra zibila eta ekipo elektromekanikoak ere berrituko dira, 20 urte dituztelako.

Jarduketak proba pilotu baten izaera dauka, eta, horrenbestez, lanak laugarren erreaktorean baino ez dira egingo. Horrela, proiektua balioko du aukera hori baltsen azalera osoan aplikatu daitekeen edo ez baieztatzeko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazi duenez.

Estatuko instalazioetan sekula erabili ez den irtenbide tekniko berritzailea ostegun honetan aurkeztu dute Galindoko araztegian. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidente Kepa Odriozola, Sestaoko alkate Josu Bergara eta proiektuaren arduradun Miguel Gómez Martínez de Lahidalga izan dira ekitaldian.

Galindoko hondakin uren araztegia 1990tik dago abian. Euskadiko hondakin uren araztegirik handiena da eta milioi bat biztanle baino gehiago zerbitzatzen ditu. Araztegia 1980ko hamarkadaren erdialdean diseinatu zen, eta arazketa errendimendu eta gaitasun gehieneko irizpideei jarraiki eraiki zen, herritar gutxi bizi zen industria lurzati batean.

Orain, 25.400 metro koadroko azalera duen araztegiko baltsa eremu batean burutuko da erreaktore biologikoa desodorizatu eta estaltzeko proiektua. Zehazki, ur marroien sei urtegi izango ditu xede. Urtegi horiek instalazioak isurtzen duen usainaren %6,3 eragiten dute, eta lohi aktibatuen prozesuaren ondoriozko amonioa eta materia organikoa desagerrarazten dute. Dekantatutako ura erreaktoreetara iristen da, eta bertan, biomasa osatzen duten bakteriek amoniakoa eta materia organikoa degradatzen dute. Sei erreaktoreen bolumena 210.000 metro kubokoa da. Hala ere, proiektuak laugarren erreaktoreari baino ez dio eragingo.

IRTENBIDE BERRITZAILEA

Ondoren, obra amaitzen denean, hartutako irtenbidea beste urtebetez aztertuko da, araztegiaren eraginak murrizteko eraginkorra den edo ez zehazteko, eta estalkiaren egitura sistema eta eraikuntza prozesua gainerako erreaktoreetan eta eperik laburrenean ezartzeko aproposak diren jakiteko. "Irtenbide berritzailea da esparru teknikoan, erakargarria eta orijinala, eta ezaugarri horiek dituen araztegi batean lehenengo aldiz erabiliko dena Estatuan", adierazi dute.

Hainbat proposamen aztertu ostean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak honako aukera hau hautatu du: gainazal horizontal baten gainean aluminiozko estalki grekatu bat jartzea, eta mota askotako landare usaintsuekin osatutako estalki begetal batekin azkentzea, funtsean, izpilikua, salbia eta astakamamila (kamamilaren antzekoa) erabiliz.

Estetikaren ikuspuntutik interesgarria dela uste da, luzetarako argi eta itzal efektu bat sortuko duelako, izpiliku sailek paisaian sortzen duten ildoaren antza izango duena. Landare usaintsuak izateaz gain, jasangarritasun irizpideei jarraiki aukeratu dira espezieok: ondo jasaten dituzte lehorte aldiak nahiz hotza, ur gutxi behar dute, mantentze lan gutxi eskatzen dute eta iraunkorrak dira.

Proiektuaren irismenari dagokionez, airea xurgatu eta ikatz aktibodun iragazkiekin tratatuko da, usain isuriak murrizteko. Halaber, erreaktore biologikoaren obra zibila konponduko da, tresna eta ekipo elektromekaniko guztiak berrituko dira, prozesuko aireen sarea, parrilak, aire difusoreak eta birzirkulazio etxola berrituko dira, eta amaierako akabera osoa berriztatuko da (pasabidea, baranda, erretilu elektrikoak, argiteria eta abar).