Bilboko Udalak 209.000 euro banatuko ditu guraso, begirale eta diru zailtasunak dituztenek euskara ikastea laguntzeko

Bilboko Udalak 209.000 euro banatuko ditu guraso, begirale eta diru zailtasunak dituztenek euskara ikastea laguntzeko
BILBOKO UDALA - Archivo
Actualizado: lunes, 20 mayo 2019 12:51

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak euskara ikasteko ematen dituen diru laguntzetarako deialdi bat onartu du Gobernu Batzordean, 2018-2019 ikasturterako, eta guraso, aisialdiko begirale eta kopuru jakin batetik beherako diru sarrerak dituzten pertsonei zuzenduta. Euskara ikasten egindako gastua ordaintzeko helburua du deialdiak, eta 209.000 euro banatuko ditu.

Diru laguntzak ikasturte honetarako dira, hau da, 2018ko uztailaren 1etik 2019ko ekainaren 30era arte. Eskabideak egiteko epea astelehen honetatik ekainaren 4ra arte izango da, eta izapide guztiak egin ostean ordainduko dira. Eskabide guztiak ebaluatuko dira, eta oinarrietan ezarritako irizpideak betetzen dituztenei diru laguntza eman ahalko zaie.

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, urtero egiten du euskara ikasteko diru laguntzetarako deialdi hau. Diru laguntza jasotzen duten pertsonek Bilbon egon behar dute erroldatuta. Alde batetik, seme-alabekin euskaraz egin nahi dutelako euskara ikasi duten gurasoentzat izango dira laguntzak, bai eta haurren eta gaztetxoen aisialdiko edo kiroleko begiraleentzat ere.

Halaber, gizartearen zati handi batek bizi duen ekonomia eta lan egoera larria dela eta, eta euskara ikasteko gizartean dagoen eskaera ikusirik, kopuru jakin bat gainditzen ez dituzten diru sarrerak dauzkaten pertsonentzat ere izango dira diru laguntzak, bai eta horien bizikidetza edo familia unitateko pertsonenentzat ere.

Lehenengo aldiz, sarean eskatu ahalko da diru laguntza, www.bilbao.eus/euskara_dirulaguntza web orrian; gainera, aurreko edizioetan bezala, Erregistroan eta Herritarrentzako Arreta Gunean ere eskatu daiteke, eta diru laguntzarako dokumentazioa ere bertan utzi ahal izango da.

Iaz, 299 pertsonak jaso zuten diru laguntza hau, eta guztira 155.922,71 euro banatu ziren. Diru laguntza guztien %82 gurasoentzat izan ziren, %8 aisialdiko begiraleentzat, eta %10 DSBEa jasotzen duten pertsonentzat. Bestalde, 101 pertsonari ez zitzaien diru laguntzarik eman, ez zituztelako betetzen baldintzak.