Datorren astelehenean irekiko da Euskal Eskola Publikoan 2020-2021 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea

Maite Alonso (ezkerrean) eta Cristina Uriarte.
IREKIA
Actualizado: miércoles, 22 enero 2020 14:43

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datorren astelehenean irekiko du 2020-2021 ikasturterako Euskal Eskola Publikoko Haur Hezkuntzarako (2 urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako (DBH) aurrematrikula egiteko epea, eta otsailaren 7ra bitarte egongo da irekita (otsailaren 6ra arte, sarean eginez gero). Aurreko ikasturtean, familien %97k lehen aukeratzat markatutako ikastetxean eskuratu zuten plaza.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak asteazken honetan aurkeztu dute, Donostian, datorren ikasturterako aurrematrikula kanpaina. 'Zatoz gurera!' leloa izango du kanpainak.

Horrela, 2020-2021 ikasturterako aurrematrikula egiterakoan, ikastetxeetan bertan nahiz Internet bidez egiteko aukera izango dute familiek, www.euskadi.eus/hezkuntzahelbidean. Sareko bidea aukeratzen dutenek ez dute beharrezko izango eskatutako dokumentazioa ikastetxera eramatea, pauso hori online egin beharko baitute eta dokumentuak eskaneatuta bidali.

Era berean, Hezkuntza Sailak gogorarazi du Ikasgunea atariak (www.ikasgunea.euskadi.eus) informazio praktikoa eskainiko diela familiei, hala nola ikastetxeen bilatzaile bat, horietako ikastetxe bakoitzean familiari hurbiltasunagatik dagozkion puntuak erakusten dituena.

Modu honetan, aurrematrikula prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko Euskadiko 703 ikastetxe (horietatik 453 publikoak, %64). Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek 541 ikastetxe izango dituzte 2 urteko haurrentzat (horietatik 332 publikoak, hots, %61), eta 542 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (334 publikoak, hau da, %61,5). Gainera, Lehen Hezkuntza 536 ikastetxetan eskainiko da datorren ikasturtean (331 publikoak), eta DBH eskainiko dutenak 329 izango dira.

Uriartek aurkezpenean azaldu duenez, onarpen prozesuak aldaketa gutxi ditu aurrekoarekin alderatuta, orduan izan baitziren aldaketarik esanguratsuenak. Hala ere, familia ugariei eragiten dien berrikuntza bat aipatu du. Horrela, 2020-2021 ikasturterako onarpen prozesuan, familia ugariek ez dute baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkeztu beharko, eta Hezkuntza Saila arduratuko da egiaztapen hori egiteaz. Familiei tramiteak erraztea bilatzen duen neurria da.

FAMILIA UGARIAK

Edonola ere, iaz indarrean sartu ziren eta prozesu honetarako mantentzen diren aldaketa nagusiak gogoprarazi ditu Uriartek. Horrela, eskaeran, familia bakoitzak 12 ikastetxe hautatu ditzake gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran jasorik. Eskaera guztiak jaso ondoren, ikastetxe bakoitzak izan dituen eskaera guztiekin zerrenda osoa egingo da, edozein izanik ere lehentasunen hurrenkera, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasotzen dituzten eskariak ez ezik gainerako eskari guztiak ere barematu beharko dituzte.

Modu honetan, familiek jakin ahal izango dute puntu gutxiago duen beste familia bat ez dela inola ere norbera baino lehen sartuko aukeratu duen ikastetxe batera. "Sistemak aukerarik onena ematen die familiei, hautatutako zentro bakoitzean dituzten puntuen arabera", adierazi du.

Halaber, familia askori izapideak egiteko lana arinduko dion eta aurten ere indarrean jarraituko duen neurria da ez dela beharrezkoa sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek eskaera egitea. Hori horrela da familiek ibilbideko ikastetxe atxikia aukeratzen duten kasuetan, hau da, euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikitako institutu publikoa hautatzen badute, eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute. Beste edozein ikastetxetan jarraitu nahi badu, eskaera egin beharra izango du. Atxikitako institutu bat baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan ere, familiek eskaera egin behar dute.

Gainera, Uriartek esan du Hezkuntza Sailak informazio eta orientazio puntuen aldeko apustua egiten jarraitzen duela, udalekin lankidetzan. Horrela, 13 informazio puntu dira Gasteizen (gizarte etxeetan dauden bulego guztiak, San Martin eta San Antonioko bulegoez gain), Oionen, Laudion, Agurainen, Bilbon (barrutiko zortzi bulegoetan), beste bat Lekeition, eta bulego bana Barakaldon eta Arrasaten.

Informazio puntu horiek guztiak iaz Lurralde Ordezkaritzetan abian jarritako Eskolatze Bulegoekin koordinatuko dira. Puntu horien helburua da Euskal Hezkuntza Sistemak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazio osoa herritarrei hurbiltzea, bai eta familiei matrikula tramitatzeko prozesuari buruzko orientazioa ematea ere.