Donostiako Udalak euskarazko kultur eta aisialdiko produktuak jaso ditu euskaragida.eus webgunen

Euskaragida.Eus web orria.
DONOSTIAKO UDALA

Actualizado: martes, 12 noviembre 2019 11:36

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak www.euskaragida.eus euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida prestatu du aurten ere. Bakarka, lagun artean nahiz familian aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dira bertan: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak eta abar.

Produktuak jasotzaileen adinaren arabera datoz sailkatuta, eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak zehazten dira, hala nola izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa.

Jon Insausti Euskarako zinegotzi ordezkariak zehaztu du paperezko edizioa ikastetxeetan bakarrik banatuko dela aurten ere 9-10 urte arteko haurren artean eta, guztira, 10.000 ale izango direla. Dena den, adin guztiei zuzendutako produktuen informazio guztia www.euskaragida.eus webean eskuragarri dago. Eguberrietan opariak egiteko garaian gida ardatz hartzeko eta euskal produktuen aldeko hautua egitera deitu ditu donostiarrak.

Halaber, paperezko edizioan iragarritako produktu guztiez gain, produktu gehiago eta egunez egun argitaratzen doazenen gaineko informazioa jasotzen du web orriak, produktu motaren eta adinaren arabera sailkatuta. Aurreko urteetako produktu batzuk ere jasotzen ditu. Liburuen atalean egileen araberako bilaketa egiteko aukera ematen du. Era berean, erabiltzaileari gustukoen duen produktua eskuratzea errazteko, gehientsuenek sarean erosteko loturak erantsita dituzte.