EAEk 14.724 biztanle irabazi zituen 2018an

- EUROPA PRESS - Archivo

Actualizado: miércoles, 18 septiembre 2019 10:31

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Migrazio saldo positiboa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2018. urtean, etorritako pertsonak 14.724 gehiago izan baitziren joandakoak baino. Kopuru hori 2017koa baino handiagoa da, orduan 10.725 gehiago izan baitziren, Eustat estatistikaren euskal erakundeak asteazken honetan emandako datuen arabera.

Lurraldeka, Bizkaiak 7.019 pertsona irabazi eta migrazio saldo handiena izan zuen zenbaki absolutuetan; Gipuzkoak 4.835 pertsonako saldo positiboa izan zuen, eta Arabak 2.870ekoa. Migrazio saldoaren igoera handiena Gipuzkoari dagokio ehunekotan, aurreko urteko aldean ia %66ko gorakada izan baitzuen. Bizkaian saldoaren hazkunde erlatiboa %28,5ekoa izan da, eta Araban %22,1ekoa. Hiriburuetan, Bilbon migrazio saldoa 2.569 pertsonakoa izan zen, Gasteizen 2.553koa eta Donostian 1.402 pertsonakoa.

EAEren eta estatuko gainerako autonomia erkidegoen arteko mugimenduei dagokienez, 2018an 82 pertsonako saldo positiboa atera zen, aurreko urtekoa baino txikiagoa (720). Beste herrialdeekiko saldoa ere positiboa izan zen, etorritako pertsonak 14.642 gehiago izan baitziren atzerriratuak baino.

Eustaten arabera, 2000. urtean zeinu aldaketa gertatu zen EAEko migrazio mugimenduetan, positibo bihurtu baitziren, eta harrezkero, hau da, azken 19 urteetan, 2012an eta 2013an baino ez da egon migrazio saldo negatiboa. Migrazio saldoaren errekorra 2007an lortu zen: 16.835 pertsona.

Kanpoko edo erkidegoaz gaindiko mugikortasun geografikoak EAEko 1.000 biztanletik ia 36ri eragin zien 2018an. Estatuko autonomia erkidegoen batez bestekoa baino 5 puntu txikiagoa izan zen, haietan 1.000 biztanletik 41 mugitu baitziren batez beste. Lurraldeka, Araba 1.000 biztanletik 41,5era iritsi zen, Bizkaia 35,4ra eta Gipuzkoa 35,3ra.

Autonomia erkidegoekiko migrazio mugimenduak kontuan hartzen badira, EAEk migrazio saldo negatiboa izan zuen erdiekin, eta negatiboa beste erdiekin. Hauek dira immigratzaile gehien ekarri zituzten autonomia erkidegoak, kopuru handienetik txikienera: Andaluzia, Murtzia, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Asturias, Ceuta-Melilla eta Valentziako Erkidegoa. Andaluzia da saldo positibo handiena ekarri zuen autonomia erkidegoa: 352 pertsona.

EAErentzat erakargune, berriz, autonomia erkidego hauek izan ziren, kopuru handienetik txikienera ordenatuta: Madril, Katalunia, Balear Uharteak eta Errioxa. Lauren artean, EAEtik beste batzuetara joandako pertsonen bi heren jaso zituzten, nahiz eta saldo negatiboak ez ziren 200 pertsonatik gorakoak izan.

Emigratzaileen batez besteko adina 36,4 urte izan zen, eta immigratzaileena, berriz, 32,8 urte. 21-39 urteko pertsonek immigrazioen %51 eta emigrazioen %47 egin zituzten. Sexuaren araberako aldeak ez dira oso handiak: immigratzaileen %52 dira gizonezkoak eta %48 emakumezkoak, eta emigratzaileak ere antzera: %53 dira gizonezkoak eta %47 emakumezkoak.

Halaber, atzerriko nazionalitatea zuten pertsonen immigrazioak 29.159 izan ziren 2018an, eta horrenbestez, guztizko kopuruaren bi heren egin zuten ia (%62). Haietatik 6.517 beste autonomia erkidego batzuetatik etorri ziren, batez ere Madrildik, Kataluniatik, Andaluziatik eta Valentziako Erkidegotik, eta 22.642 atzerritik zuzenean etorri ziren.

Atzerriko nazionalitatea zuten pertsonen emigrazioak 13.472 izan ziren, guztizko kopuruaren %43, eta erdiak baino gehiago (%58) atzerriko herrialderen batera joan ziren. Hala, atzerritarren saldoa positiboa izan zen 15.417 pertsonaz.

BIZILEKU ALDAKETA

Bestalde, EAEko biztanleen %10,7k bizileku aldaketaren bat egin zuen 2018an, eta mugikortasun hori EAEko barrukoa izan zen aldien %66an, gainerako kasuetan erkidegoaz gaindikoa izan zen bitartean. Zenbaki horiek eta 2017koak ia berdinak dira.

Denetara, ohiko bizilekuaren 232.894 aldaketa zenbatu ziren iaz EAEn; horietatik 101.438 udalerri beraren barruko bizileku aldaketak izan ziren. Erkidego barruko mugikortasuna, hau da, EAEko udalerriak abiapuntu eta helmuga dituena, 52.216 mugimendura iritsi zen.

Halaber, kanpotiko edo erkidegoaz gaindiko 46.982 immigrazio zenbatu ziren joan den urtean. Erkidegoaz kanpotik abiatu eta EAE helmuga duten immigrazioak dira, eta horietatik 26.099 etorri ziren atzerritik.

Azkenik, 32.258 izan ziren kanporako edo erkidegoaz gaindiko emigrazioak, edo, beste era batera esanda, autonomia erkidegoko udalerri batetik abiatu eta helmuga erkidegotik kanpo izan zutenak; haietatik 11.457 atzerriratzeak izan ziren, eta %3,5eko beherakada izan zen 2017ko kopuruen aldean.