EHUko ikasleek oso ongitik gorako kalifikazioa eman diete beren irakasleei

EHUko irakasle bat ikasleekin
EHU
Actualizado: viernes, 18 enero 2019 11:34

   BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleek oso ongitik gorako kalifikazioa eman diete bere irakasleei 2017-2018 ikasturtean. Zehazki, ebaluatutako irakasleek 5etik 4ko balorazioa lortu dute batez beste, EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Ikasleek irakasleen jarduerari buruz duten iritzia jasotzen du EHUk ikasturte bakoitzean. Milaka inkesta egiten dira ikasleek irakasleak irakasgaia eman ondoren era anonimoan balora ditzaten. Horrela, 2017-2018 ikasturtean, 6.018 irakasgairen inguruko 220.537 inkesta bete ziren. Ebaluatutako irakasleek 5etik 4ko balorazioa lortu zuten batez beste, eta 2.345 irakaslek 4ko edo hortik gorako puntuazioa.

   EHUko ikasleen jarduera ebaluatzeko Docentiaz programaren dimentsioetako bat dira ikasleek beren irakasleen jardueraren inguruan betetzen dituzten iritzi inkestak. Programa hori EHUk garatu du, Espainiako Hezkuntza Ministerioak unibertsitateko irakasleen kalitatea bermatzeko eta haien garapena eta aintzatespena bultzatzeko ezarritako jarraibideen arabera.

   Inkestek emandako informazioaz gain, irakasle bakoitzak bere irakasgaiaren inguruan egiten duen plangintzari, arrakasta tasari (aurkeztutako ikasleen artean irakasgaia gainditu dutenen ehunekoari) eta irakasleen merituei (irakaskuntza berrikuntzako proiektuak, zuzendutako tesiak, parte hartu duten irakaskuntza biltzarrak, egindako aurkezpenak eta abar) buruzko datuak biltzen ditu Docentiaz programak.

BATZORDEA

   Espediente bakoitza bost urteko irakaskuntza jarduerari buruzkoa da, eta haren pareko ebaluazioa egiten da EHUko irakasle eta ikasleez eta beste unibertsitate batzuetako irakasleez osatutako batzorde batean. Gaur egun, EHUko irakasle iraunkorren %41,63k hartu dute parte Docentiaz programan, eta 82,20ko puntuazioa lortu dute batez beste, 100etik.

   Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren ebaluazio zorrotza gainditu du berriki Docentiaz programak, eta, beraz, irakasleak ebaluatzeko sistema egiaztatu bat duen lehen euskal unibertsitatea da EHU.

   "Docentiaz programaren ziurtagiriak, etapa bat itxi ordez, 'irakasle ona' izatea zer suposatzen duen islatzen duen irakaskuntza kalitatezko eredu bat eraikitzen lagunduko duen bide berri bat irekiko du, hain zuzen ere, kalitate irizpide zorrotzetan eta maila handiko eskakizun estandarretan oinarritutako bide berria. Aldi berean, irakasleen lanbide karreraren aitorpena ahalbidetuko duen erakunde tresna bat eskainiko du", azaldu du Idoia Fernández EHUko Berrikuntza, Gizarte Konpromiso eta Kulturgintza arloko errektoreordeak.