Emaktivak 108 emakumeri eman zien laguntza 2019an lan munduan txertatzeko eta 50ek enplegua lortu zuten

Beatriz Artolazabal sailburua, Emaktiva proiektuaren datuak aurkezteko agerraldian
EDE FUNDAZIOA
Actualizado: jueves, 27 febrero 2020 13:00

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

EDE Fundazioak sustatutako Emaktiva zaurgarritasun egoeran dauden emakumeei zuzendutako gizarte eta lan arloko barneratze proiektuak 108 emakumeri eskaini zien laguntza 2019. urtean lan munduan txertatzeko, eta 50ek enplegua lortu zuen. Laguntza jaso zuten emakumeen erdiak 45 urtetik gorakoak ziren, eta %70 iraupen luzeko langabeak.

Proiektuaren arduradunek 2019. urteari buruzko datuak aurkeztu dituzte ostegun honetan, EDE Fundazioak Bilbon duen egoitzan. Agerraldian izan dira Begoña Gavilan Emaktiva programaren koordinatzailea, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Jon Uriarte Lanbideko enplegurako prestakuntzako zuzendaria, Ana M. Caballero Emaktivan parte hartu duen emakumea eta Lorena Lopez programaren laguntzailea den AR Racking enpresako Marketing & Communication Manager.

Joan den urtean laguntza jaso zuten emakumeen erdiak 45 urte baino gehiago zituen, eta %70 iraupen luzeko langabea ze. Maila akademikoari dagokionez, 2019an arreta jaso zuten 108 emakumeen ia erdiak bigarren
mailako hezkuntza amaituta zuen.

Arreta jaso zuten emakumeen jatorria ere hartu da kontuan azterketan. Horrela, iaz Emaktivaren laguntza jaso zuten hamar emakumetik sei Euskal Autonomia Erkidegokoak (EAE) edo Estatukoak izan ziren. Gainera, %37k etxeko indarkeria egoeraren bat jasan zuen eta hamarretik lau guraso bakarreko familiakoak ziren.

Bere agerraldian, Beatriz Artolazabalek enpresak animatu ditu "lan munduan gero eta emakume gehiago barneratzearen aldeko apustua egiten jarraitzera", eta Emaktivako parte hartzaileak anomatu ditu "ahalduntzera, helburu berriekin ilusionatzera eta trebatzen jarraitzera".

Emaktiva EDE Fundazioak bultzatutako gizarte eta lan arloko barneratzea xede duen proiektu esperimental gisa sortu zen. 2016an abian jarri zenetik gaur arte, egoera ezberdinak bizi izan dituzten 300 emakume baino gehiagorekin batera egin du lan.