Euskal Herri osoko milaka ikaslek hasiko dute ostegunean 54. Durangoko Azoka

Muntaketa lanak Landako Gunean.
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: miércoles, 4 diciembre 2019 13:08

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Euskal Herri osoko milaka ikaslek emango diote hasiera Durangoko Azokako 54. edizioari, ostegunean, abenduaren 5ean. Ate irekiera 10:30ean izango da Landako Gunean, Ikasle Goiza hasteko, eta goiz osoan zehar Azokak antolatu dituen lantegietan parte hartuko dute ikasleek.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala arratsaldeko 19:00etan izango da, Musika Eskolan, eta Durangoko Azokako eta erakundeko publikoetako ordezkariek parte hartuko dute. Lehenengo egunean ere hamaika jarduera egongo dira Azokako zazpi guneetan, bere arduradunek iragarri dutenez.

Horrela, Landako Gunean muntaketa lanak amaitzen ari dira dagoeneko, eta, ostegunetik igandera bitarte, kulturzaleek 200 ekitaldiz osatutako egitarauaz gozatu ahal izango dute, Azokako zazpi guneetan. Landako Gunean 264 erakusleiho izango dira, 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari eta abar.

Urtero bezala, Landako Guneko ordutegia 10:30etik 20:00ak arte izango da. Ostegunean, lehenengo eguna izanik, ate irekiera ekitaldia 10:15ean izango da, Landako etorbideko atean. Bertan, Arymux artistak zeinu hizkuntzan egindako ikuskizun laburra egingo du, eta berak irekiko ditu Landako Guneko ateak, Durangoko Azokako 54. edizioari hasiera emanez.

Landako Guneko ateak zabaldu eta azken urteetan bezala, milaka ikaslek Durangoko Azokako zazpi guneak leporaino beteko dituzte. Euskal Herri osoko ikastetxeak gerturatuko dira Durangora: Agoitz, Portugalete, Usurbil, Ziburu, Sodupe, Bera, Kanbo, Lartzabale, Trapagaran, Durana, Oion, Mutriku, Otsagabia eta abar.

Goiz osoan zehar, ikasleek disziplina ezberdinetako lantegietan parte hartzeko aukera izango dute: 'Enkarguz' Ahotsenean (Andoni Egaña, Alberto de Abajo eta Xabier Zabalarekin); 'Liburu bat egingo dut' Areto Nagusian (Euskal Editoreen Elkarteak antolatuta); 'Soinu efektuak zinemagintzan' Irudienean (Pixelatuk eta Zineuskadik antolatuta); Moon konputagailu baten funtzionamendua ulertzeko mahai jolasa Kabi@n; euskal kantagintzaren transmisioa Plateruenan (Luhartz taldearekin); 'Hitzik gabe gelditu ziren ipuinak' Saguganbaran; antzerkia sortzeko lehenengo urratsak Szenatokian (Karrika antzerki taldearen eskutik); kaligrafia lantegia Arte eta Historia Museoan eta kaligrama lantegia Durangoko Bizenta Mogel Liburutegian.

Aldi berean, Musika Eskolan, DA! PRO egitasmoa antolatuko da lehenengo aldiz, musikari, programatzaile eta diskoetxeen arteko topagunea, hain zuzen. 17 musika taldek aurkezpenak egingo dituzte musika industriako kideen aurrean, 10:00etatik 13:00ak arte. Ekimen hau Musika Bulegoarekin elkarlanean egingo da.

EGITARAUA

Behin Ikasle Goiza amaituta, Durangoko Azoka bere ohiko egitarauarekin hasiko da. Ahotseneako zuzenekoen karpan, Mockers, La Basu, Oreka Tx, Iñorkiñak, Xabi Bandini, Xatiro, Willis Drummond eta Sharon Stoner arituko dira, eta solasaldien gunean sortzaile ugarik parte hartuko dute: Yolanda Arrieta, Asel Luzarraga, Iñigo Astiz, Maite Mutuberria, Felipe Juaristi, Mikel Markez, Miren Agur Meabe eta abar.

Areto Nagusian lehenengo aurkezpenekin hasiko dira 13:30etik aurrera, eta hainbat gai jorratuko dituzte: Kikarakada proiektua, EuskarAbentura 2020, Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak, Alex Txikon mendizalearen 'Mundu bat motxilan' eta abar.

Irudienean Ipar Euskal Herriko ekoizpenak izango dira protagonista: 'Hiru uhinak' dokumentala, 'Ito' fikziozko film labur kolektiboa edo 'Tantaka' websaila. Kabi@n proiektu oso interesgarri bi aurkeztuko dira: 'ZUT' aldizkari digital multimedia eta 'IXA' websaila alde batetik; eta 'Hirikilabs' egitasmoa bestetik. Saguganbaran oso aurkezpen ezberdinak egongo dira: 'Xapoketan' karta jokoa, 'Xaxardi' haurrentzako ipuinaren aurkezpena, 'Kokojoko' bideo jokoa eta abar.

INAUGURAZIO EKITALDIA

Durangoko 54. Azokako inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da, Musika Eskolan. 'Oparitarako' izeneko ekitaldia Kepa Errasti aktoreak gidatuko du eta, bertan, Azokako ordezkari eta babesle publikoetako ordezkariek parte hartuko dute, herri mugimendu eta euskalgintzako kideekin batera.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Durangoko alkate Ima Garrastatxu, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzarako diputatu Sergio Murillo eta Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo izango dira bertan.

Urtero bezala, Azokako lehen eguna Plateruenan amaituko da. Lehenengo gauean, Arabako ska doinuak izango dira protagonista, eta En Tol Sarmiento taldeak 'Aukera berriak' lana aurkeztuko du. Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke egunero.

Azkenik, Durangoko Azokako antolakuntzak bisitariei eskatu die Durangora joateko garraio publikoa erabiltzeko; Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an. Autoa erabiltzekotan, zaleek doako autobus zerbitzua izango dute Iurretako ordainlekuaren alboko aparkalekuetatik Landako Guneraino, 20 minutuko maiztasunarekin, 10:30etik 20:00ak arte.