Euskal zinemak "protagonismo handia" izango du 67. Donostia Zinemaldian

- BASQUE AUDIOVISUAL

Actualizado: jueves, 19 septiembre 2019 12:26

'Basque Audiovisual' katalogoak 50 ekoiztetxeren 70 proiektu zinematografiko bilduko ditu

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Euskal zinemagintzak "protagonismo handia" izango du ostiralean hasiko den Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan, eta, sail ofizialetan aurkeztuko diren 21 filmez gain, euskal ikus-entzunezko sektoreko enpresa ugari biltzen dituen Basque Audiovisual markak zinema proiektuen katalogoa banatuko du.

Zineuskadi elkarteak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eiken ikus-entzunezkoen euskal klusterrak sustaturiko Basque Audiovisual markaren arduradunek jakinarazi dutenez, sail ofizialetan lehiatuko diren ekoizpenen artean dago Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien 'La trinchera infinita'. 'Loreak' eta 'Handia' filmen egileek Urrezko Maskorra jasotzeko aukera izango dute aurten ere, Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktoreekin filmatutako Espainiako Gerra Zibilean oinarritutako pelikularekin.

Zuzendari Berriak sailean aldiz, Maider Fernandezek Ikusmira Berriak egoitza programan gauzatutako 'Las letras de Jordi' aurkeztuko du, zuzendariak garuneko paralisia duen gizon batekin duen harremanari buruzko filma. Bestalde, Kimuak programako bi film labur lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera atalean: Chema Garcia Ibarra eta Ion Sosaren 'Leyenda dorada' eta Izibeñe Oñederrak zuzendutako 'Lursaguak / Escenas de vida'. Sail berean ikusi ahal izango da 'Urpean Lurra' Maddi
Barberen film ertaina.

Culinary Zinema atalean euskal gastronomiari buruzko hiru dokumental eskainiko dira: Iñaki Artetaren 'Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio', Mikel Urretabizkaiak zuzendutako 'Gazta' eta Igor Arabaolazaren 'Zer jan hura izan'. Gainera, Kowalski Films euskal ekoiztetxeak koproduzitu du Canneseko zinema jaialditik pasa ondoren Perlak sailean egongo den Oliver Laxe galiziarraren 'O que arde' pelikula.

Horrez gain, 'Aupa Etxebeste!' film arrakastatsuaren sekuela den 'Agur Etxebeste' Euskal Zinemaren Galan ikusiko da, eta Miguel Angel Jimenezek zuzendutako 'Una ventana al mar' EiTBko galan. Bukatzeko, garapenean dagoen Txintxua Films ekoiztetxeko 'Karmele' proiektua Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan aurkeztuko da, eta Zinemira
sailak euskal zinemagintzaren aberastasuna islatuko du hamar pelikula eskainiz.

Bestalde, aurten estreinatu diren euskal filmak nahiz garapenean daudenak nazioartean ezagutzera emango dira 'Basque Audiovisual' katalogoaren bitartez. Bertan, 70 proiektu zinematografiko bilduko dira: 31 garapen fasean, 15 produkzio faseren batean eta 2019an zehar amaitu edota estreinatu diren gainontzeko 24. Guztira, argitalpen horretan 50 euskal ekoiztetxeren lanak jasoko dira.

WEBGUNEA

Halaber, Zineuskadiren, Etxepare Institutuaren eta Eiken Klusterraren lankidetzari esker euskal zinema nazioartean ezagutzera emateko sortu den Basque Audiovisual markak www.basqueaudiovisual.com webgunea martxan
jarriko du laster, Euskadiko koprodukzio markoaren inguruko informazioa zabaltzeko.

Ildo horretan, koprodukzioen gaia jorratuko dute Donostia Zinemaldian zehar burutuko diren zenbait jarduerek, horien artean Glocal meets Scotland topaketak. Screen Scotland erakundeak irailaren 24an antolatutako hitzorduak gaelikoan lan egiten duten profesionalen eta Europako hizkuntza ez hegemonikoetan filmatzen duten ekoiztetxeen arteko elkarlana bultzatzea izango du helburu, euskal zinemaren industriako enpresak tarteko egongo direlarik.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadik euskal emakume zinemagileen pisua eta ikusgaitasuna indartzeko sustatu duten NOKA Mentoring programa amaitzear da, urtean zehar gauzatutako mahai inguruen eta prestakuntza saioen ostean, eta parte hartzaileak irailaren 25ean bilduko dira bazkari informal batean; bertan, Tamara Lucarini programako parte hartzailearen 'El peso' ekoizpena Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartuko duela ospatuko dute.

Foro horretan beste lau euskal ekoizpen izango dira: Iban Ayestaren 'Amores trashumantes', Gerard Escuerrek zuzendutako 'Bromo: el agente Gernika', Diego Urruchiren 'El río de la vida' eta Juan Gautierren 'Shooting for Mirza'. Azkenik, euskal zinemaren profesionalak Zinemaldian duten protagonismoa eta sektorearen hazkundea ospatzeko bilduko dira irailaren 24an Zineuskadik antolatu duen koktelean.